'Mikrouhina' antzezlana izango da gaur ikusgai, gaztetxean

Uztarria.eus 2013ko aza. 14a, 10:54

Euskal Antzerki Topaketen baitan, gaur, osteguna, antzerki alternatiboaren edo poltxikoko antzerki emanaldiaren txanda izango da. Ze Onda taldearen obra ikusi ahal izango da gaztetxean, 21:30etik aurrera.

XXXI. Euskal Antzerki Topaketen baitan antzerki alternatiboaren edo poltxikoko antzerki emanaldia izango da gaur, osteguna, gaztetxean. Ze Onda taldearen Mikrouhina obra ikusi ahal izango da 21:30etik aurrera. Ana Perez zuzendariaren gidaritzapean, Jon Ander Alondo eta Silvia Manzana izango dira oholtzan, eta 50 minutuko emanaldia izango da.

Honakoa dio antzezlanaren sinopsiak:

"Matilde zapaten bilduma egiten duen energiaz beteriko neska bat da. Tristan orduak liburuetan murgilduta igarotzen dituen gaztea.

Tristan eta Matilde ezkondu eta denbora gutxira, euren bizitzak guztiz hankaz gora jarriko dituen gertaera gogor batekin egingo dute topo: Adele, Tristanen arreba txikia, hil egiten da. Hori izango daTristan irteerarik gabeko zulo sakon eta beltz batean hondoratzeko abiapuntua.

Nola aldatzen du depresioak pertsona baten bizitza? Eta pertsona horren aldamenean daudenena?"