Xabier Saldias: "Kantuan zein pilotan, baina ni beti frontoi barruan"

Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko aza. 8a, 10:29

Egiten duen gauza guztietan onenetakoa izan nahi duela dio Eganeko sortzaileak. Egoskorkeria horri esker, goi mailan palarekin pilotan jokatutakoa. Urola Kostako Hitza-k elkarrizketa egin dio azpeitiarrari, Arkupean gehigarrian.

Loiolan jai-jai eta Mexikon lo egin gabe ibili ondoren, frontoira joateko ohitura du Egan taldeko sortzaile eta abeslari Xabier Saldiasek (Azpeitia, 1951). Frontoira, ordea, ez da pilotan nola egiten duten ikustera, jokatzera baizik. Lehiatzera, hobe esanda.
 
Bizi osoa daramazu kantu-kantari. Pilotan ere bai?
 
Oso berandu hasi nintzen pilota jokatzen, soldaduskatik itzuli nintzenean, 20-21 urterekin. Betidanik egoskor samarra izan naiz, eta hasten naizen horretan onentsuena izaten saiatzen naiz. Hori lortu arte jardun eta jardun aritzen naiz. Lagun batzuekin hasi nintzen pilotan, eta haiek bainogehiago izan nahi horretan, egunero- egunero joaten hasi nintzen Izarraitz pilotalekura. Denei irabazi arte ez nuen onik.
 
Nolatan palarekin? Azpeitian ez al dago bada esku-pilotarako afizio handiagoa?
 
Esku-pilotarako afizio handiagoa Azkoitian dago. Azpeitian, aldiz, erremintarekin jokatzeko ohitura gehiago dago; adibidez, erremonte eskola dago herrian. Nire kabuz hasi nintzen palaz jokatzen. Ongi pasatzen nuen eta, bide batez, kristoren mesedea egiten zidan ariketa fisikoa eginez izerdia botatzeak. Garai hartan korrika ere ibiltzen nintzen, baina ez ninduen gehiegi asetzen. Aspergarria izateaz gain, besteei irabazteko grina hori ez du. Askotan, lehiakortasun horrexek bultzatzen nau jokatzera. Alferkerian egon naiteke egun batean, baina jokatzen hasi bezain pronto pilotari segika nabil batetik bestera eta irabazteko gogoz. Korrika, ordea, itzuli bat eman eta segidan etxera noa, kar-kar [barrez].

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, joan Hitza-ren Arkupean gehigarrira.