Xabier Azkargorta honoris causa izendatu du Boliviako Cumbre Unibertsitateak

Uztarria.eus 2013ko aza. 7a, 13:27
Azkargorta unibertsitateko ordezkariekin, izendapena jaso zuenean. (Boliviako Futbol Federazioaren webgunea)

"Boliviako futbol entrenatzaile ibilbidean egindako lorpenengatik" jaso du izendapena azpeitiarrak, eta 2010ean ere jaso zuen honoris kausa titulua, Boliviako beste unibertsitate baten eskutik.

Boliviako Cumbre Unibertsitate Pribatuak (UPC) honoris causa doktore izendatu du Xabier Azkargorta (Azpeitia, 1953) futbol entrenatzailea eta Boliviako selekzioko hautatzailea. Unibertsitateko errektoreak azaldu duenez, "Bolivian, futbol entrenatzaile ibilbidean, alor profesionalean eta pertsonalean egindako lorpenengatik jaso du izendapena. Egun Boliviako selekzioko hautatzaile gisa jokalari gazteei ematen dien aukerak zer ikusia izan du honoris causa doktore izendatzerakoan".

Azpeitiarrak esker hitzak izan zituen izendapenean, eta "Boliviako Santa Kruz hirian izendatu izana asko gustatzen zait", azaldu zuen. Azkargorta lehenago ere jasotakoa da honoris causa titulua. Hain zuzen ere, Boliviako Unibertsitate Teknologikoak (UTB) eman zion, 2010ean.

Azkargortak azken honoris kausa izendapena jaso ondoren egindako adierazpenen eta ekitaldiaren bideoa, hemen.

Hemezortzi urteren ostean, 2012ko uztailean itzuli zen azpeitiarra Boliviako selekziora. Boliviako hainbat hedabidek jakinarazi duenez, bertako futbol federazioak 2014ko irailera arte selekzioko hautatzaile postuan jarraitzea eskaini dio Azkargortari. Dena den, datorren astean hartuko dute erabakia bi aldeek.