Modako hiru sari jaso ditu Aitor Martinezek

Uztarria.eus 2013ko aza. 4a, 12:18
Ezkerretik hirugarrena da Aitor Martinez. (Modafad)

Moda diseinu ikasketak bukatu berri ditu Aitor Martinezek (Azpeitia, 1988), Bartzelonako Felicidad Duce (FD) eskolan. Ikasketen bukaerako lan moduan INC bilduma osatu zuen, eta hari esker hiru sari jaso ditu azpeitiarrak. Orain "benetako lan mundua" ikusten ari da, Mango enpresako gizonezkoen saileko diseinu laguntzaile moduan, eta bertan "ekipo desberdinei diseinu soportea ematen diet, momentuko beharrak asetuz".

INC kolekzioa osatu duzu ikasketa bukaerako proiekturako.

Gizonezkoentzako zortzi look osatu behar izan ditut INC kolekzioan, uniformitatea, nortasuna eta kamuflaia gaiak ukituz.

Bilduma osatu, eta sariak bata bestearen atzetik iritsi dira.

Aurten ikasketa amaierako proiektu moduan aurkeztutako lanak ezagutzera emateko, aurkezpen-desfile bat antolatu du eskolak. Han bi sari eman zizkidaten: Batetik, eskolako hirugarren saria eta Fucking Young on line webgunearen gizonezko bilduma onenaren saria, bestetik. Hori dela-eta, Bartzelonako ModFad erakundeak nire bilduma aukeratu zuen, beste batzuen artean, 080 Barcelona Fashion Week-ean diseñatzaile berrien plataforman aurkezteko.

EtaBartzelonako modaren astean ere saria.

Bai. Epai-mahaiaren aipamen berezia jaso nuen, eta horrenbestez, saria ere bai.

Zer sentitu duzu sari horiek jasotzean?

Ondo dago sariak jasotzea. Alde batetik egindako lana errekonoizitzen dute, eta inguruan zure moduan dagoen jendea ezagutzen duzu. Beti da interesgarria bestelako ikuspegiak ikusi eta izatea.

Modaren munduan ateak irekitzeko balio al dizute sari horiek?

Esperientzia polita izan da eta sariak jasotzeagatik enpresa desberdin gehiagoren begiak dituzu gainean. 

Lan asko egin al duzu sari horiek jaso bitarteko bidean?

Sei hilabeteko lana izan da ikasketa bukaerako proiektua eta, egia esan, halako lan bat bakarrik egin behar duzunean, lan-karga handia da. Hainbat atal desberdin izan behar dituzu kontuan, eta dena epe motzean egin behar duzu. Bestalde, ikastaldi ona izan da halako zerbait egiteak erritmo jartzera eta erabakiak hartzera behartzen zaituelako.