Emakumeon Topaketetako proposamenetatik abiatuta batzarra deitu dute azaroaren 2rako

Uztarria.eus 2013ko urr. 30a, 18:56
Urriaren 18an eta 19an egin zituzten aurreneko Azpeitiko Emakumeon Topaketak. (BILGUNE FEMINISTA)

Herriko emakume ezberdinak aldian behin elkartu eta gai ezberdinen inguruan hitz egiteko batzarrak egitea proposatu zuten eta zapatuan egingo dute lehen saioa, 10:00etan, Emakumeen Txokoan.

Azpeitiko Bilgune Feministak herriko emakumeei zuzendutako batzarra deitu du azaroaren 2rako, zapatua. 10:00etan izango da, Emakumeen Txokoan.

Batzar horren iturburua hil honen 18an eta 19an egindako Azpeitiko Emakumeon Topaketetan dago. Herriko emakume ezberdinak aldian behin elkartu eta gai ezberdinen inguruan hitz egiteko batzarrak egitea izan zen topaketetan mahai gainean jarri zuten proposamenetako bat. Orain, proposamen hura praktikan jartzen hastea erabaki dute Bilgune Feministan. Eta batzarrean parte hartzeko gonbidapena luzatu diete bai topaketetan parte hartu zuten emakumeei, bai interesa duen orori.

Zapatuko batzarrean bi gai landuko dituzte. Batetik, batzar beraien izaera: "Batzarrak zer nolako antolaketa izatea nahi dugun, zein maiztasunekin, parte hartzeko zein modu proposatzen ditugun, zein gai jorratu ditzakegun...". Bestetik, azaroaren 25eko emakumeenganako indarkeariaren aurkako egunaren bueltakoak izango dituzte hizpide: " Bilgune Feministak beste urte batez Autodefentsa Feministaren gaia du esku artean. Egunean bertan ere kontzentrazioa egin ohi dugu udaletxe azpian. Emakumeen Txokoan zerbait antolatua bada gaia landuz, eta ikastetxeetan ere mobilizazioak egin izan dira. Zer dagoen aztertu eta proposamen berriak jaso eta aztertzea da gure asmoa. Honela, denon artean, azaroaren 25 indartsuago bat aurrera atera eta antolatzeko".