Herritar ugari garraio publikoa hobetzeko proposamenak jasotzeko bileran

Uztarria.eus 2013ko urr. 30a, 11:31

"Garraio publikoa gai estrategikoa da azpeitiarrentzat eta, beraz, Udal Gobernuarentzat". Azpeitiko Udalaren aburuz, "Azpeitiak eta bailarak garraio publikoarekin dituen arazoak aspalditik datoz eta urteetan zehar, herritarren eskaera nabarmenetakoa izan da zerbitzua hobetzea. Modu horretan, hainbat pauso eman ditu Udalak azken bi urteetan. Besteak beste, Donostiarako zerbitzua eta larunbat eta festetako autobus zerbitzuak indartu dira, Azkoitia eta Zumaia artean lau zerbitzu berri jarri dira eta irailetik aurrera berriz, 30 zerbitzu gehiago egotea eskuratu du. Neurri guzti horiekin, autobus zerbitzuak 70.000 erabilpen gehiago izatea lortu du bi urtetan".

Aurrerapausoak egin diren arren Udalak ez dela "nahikoa" azaldu du. Horregatik, Gipuzkoako Aldundiak abian jarri duen autobus zerbitzua hobetzeko prozesua "guztiz babestu" du, eta Udalak egindako plan estrategikoan garraioa gai oso garrantzitsutzat jo du.

Ekarpenak egiteko hainbat bide jarri dituzte. Horien artean, gutunontziak eta Internet bidezko ekarpenak egiteko txokoa jarri dituzte herritarren eskura.

Herritarrak zuzenean ekarpenak egiteko aukera ere izan dute, astelehenean, iritsi zen Azpeitira eta herritar ugari bildu zen udaletxeko azken solairuan egindako bileran. Herritar ugari gerturatu ziren, eta herriko gabeziak agertu eta premiak eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Udalak gogorazi nahi du, oraindik, ekarpenak egiteko aukera dagoela.

Herritarrekin batera egingo den prozesu parte-hartzailearen lehen fasean, herritarren ekarpenak jasoko dira. Bigarren fasean, berriz, 2014ko otsailerako, aurreproiektua idatziko da. Ondoren, herritarren parte-hartzea oinarri izango duen bileren bigarren itzulia egingo da, herritarrei aurreproiektua aurkeztuz eta azkenik, behin betiko proiektua idatziko da.

Herenegun, astelehena, egin zuten garraio publikoa hobetzeko ekarpenak jasotzeko aurreneko bilera, eta herritar ugari izan zen udaletxean egin zen bileran.