'Herriko tabernetako' 110 ordezkariek uko egin diote fiskalaren galderei erantzuteari

Berria.info, Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 29a, 14:21

Defentsari erantzuteko asmoz joan dira auzitegira, tartean Orkatz Kultur Elkartearen ordezkari Xabier Arrizabalaga Enbortxo, baina fiskalak haiek galdekatu nahi dituela esan dio epaimahaiari, eta ordezkariek uko egin diote fiskalaren galderei erantzuteari. Hori dela-eta, bertan behera gelditu da auzi saioa. "Fiskaltzak galderak egin nahi izan ditu auzia eurek nahi duten bide horretara eramateko; badakigu gutaz informazioa badutela, eta leporatu nahi digutenarekin lotzeko asmoz egin nahi izan dizkigute galderak", esan dio Enbortxok Hitza-ri.

Herriko tabernen auzia aurrera doa, eta deklaratzeko falta diren auzipetuek atzo, asteartea, bukatu zuten. Gaur, asteazkena, 10:00etan deklaratzen hastekoak ziren bigarren blokeko kideak, 110 herriko taberna eta elkartetako ordezkariak. Orkatz Kultur Taldeko ordezkari Xabier Arrizabalaga Enbortxo Madrilgo Auzitegi Nazionalean izan da.

Defentsako abokatuen galdera bakarrari erantzuteko asmoz joan dira ordezkari horiek. Atzo hala jakinarazi zion Enbortxon Uztarria.com-i: "Saioa azkarra izango dela uste dut, abokatuen galderei soilik erantzungo diegu-eta".

Auzi saioa hasi eta berehala, ordea, epaiketaren norabidea aldatu du Fiskaltzak. Taberna eta elkarteetako ordezkariak han daudenez, galdekatu egin nahi dituela esan dio epaimahaiari, eta horretarako baimena eskatu du. Defentsek kontrako iritzia eman arren, epaimahaia osatzen duten hiru epailetatik biren aldeko botoekin onartu egin dute Fiskaltzaren eskaera.

Defentsak hori egiterik ez dagoela nabarmendu du ordea, eta beren defendatuak ez daudela auzipetuta gogora ekarri ostean, fiskalak haiek galdekatzeko eskubiderik ez daukala nabarmendu dute. 110 elkarte eta tabernetako ordezkariek gela utzi dute, eta han amaitu da auzi saioa. Enbortxok Hitza-ri esan dioenez, "Fiskaltzak galderak egin nahi izan ditu auzia eurek nahi duten bide horretara eramateko; badakigu gutaz informazioa badutela, eta leporatu nahi digutenarekin lotzeko asmoz egin nahi izan dizkigute galderak".

Taberna eta elkarteetako ordezkariak ez daude auzipetuta. Arduradun zibil egiten nahi dituztelako daude han, eta HB, EH eta Batasunak taberna eta elkarte horiek ETA finantzatzeko erabili zituztela frogatuko balitz, haiei ondasunak kentzea izango litzateke aukera bat. Fiskaltza da taberna eta elkarteak arduradun zibil egiten dituena, eta ondasuna bahitzea defendatzen duena. Baina praktikan auzipetuei ematen zaien trataera eman nahi die fiskalak taberna eta elkarteei, adibidez galdeketa eginez. Halakorik ez dago ordea onartuta Zigor Kodean.

Fiskalak egin nahi dien ondasunen bahiketari uko egiteko duten eskubidea baliatu eta horretara joan dira herriko taberna eta elkarteetako ordezkariak, baina, hitzerdirik egin gabe hartu dute Madriletik etxerako bidea. Nolanahi ere, fiskalaren galderak erantzuteari planto egin diotenez, bahiketa eskaerari uko egin diote.

Urriaren 17an hasi zen hasi zen 35/02 sumarioari dagokion epaiketa, Herriko tabernen auzia izenarekin ezaguna, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita, 36 lagun hasi ziren epaitzen, eta 34rekin jarraitu zuten auzipetutako biri leporatzen zaizkien delituak preskribituta daudenez, auzitik kanpo utzi zituztelako. Elkarteetako ordezkariek amaitzean, azaroaren 18an, jarraituko du epaiketak, eta lekukoen txanda izango da orduan.