Organo kontzertuak eskainiko dituzte asteburuan Loiolako Basilikan

Uztarria.eus 2013ko urr. 18a, 10:53

Larunbatean eta igandean izango dira emanaldiak, eta bi kontzertu horiekin emango zaio bukaera aurtengo Organo Erromantikoaren Zikloari.

Organo Erromantikoko Zikloaren barruan bi kontzertu emango dituzte asteburuan Azpeitian, Loiolako Basilikan, hain zuzen. Larunbatean 11:30ean izango da musika emanaldia, eta Bergarako eta Azpeitiko musika eskoletako lau organo ikaslek eskainiko dute kontzertua. Elena Laka bergararra, Leo Joaristi azkoitiarra eta Mikel Arenas eta Inazio Arakistain azpeitiarrak izango dira protagonistak.

Igandean, berriz, iluntzean, 20:00etatik aurrera, izango da kontzertua. Organoa, tronpeta eta sopranoa entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hurrenez hurren, Jose Luis Frantzesena, Ion Aramendi eta Mariatxen Urkia izango dira protagonistak. Hirukoteak lehenago ere eman zuen kontzertu bat,  Bidanian hain zuzen. Kontzertu horrekin amaituko da, gainera, aurtengo Organo Erromantikoaren Zikloa.

Igandeko kontzertua baino lehen, Frantzesena azpeitiarrak beste emanaldi bat eskainiko du. Gaur, ostirala, Torrelavegan (Kantabria, Espainia) izango da, Mariatxen Urkia sopranoa lagun duela. Asuncion elizan eskainiko dute emanaldia.