Arranoen arriskua

Uztarria.eus 2013ko urr. 17a, 11:08

40 gazteren kontrako epaiketa hasi eta hiru egunera, gaur, osteguna, hasi da Herriko tabernen auzia izenarekin ezagutzen den epaiketa. Gainontzeko ehunka herriko taberna bezala, Orkatz Kultur Elkartea ere tartean da, eta Xabier Arrizabalaga Enbortxo Madrilen izango da deklaratzen, datorren hilaren bukaera aldera. Azpeitiko Libre dinamikak manifestazioa deitu du gaurko, eta 19:30ean abiatuko da plazatik, Olatz eta Orkatz libre! lelopean. Jarraian Uztarria aldizkariaren urriko zenbakian Herriko tabernen auziaz-eta kaleratutako erreportajea.

Guztira 80 auzipetu eseri araziko ditu akusatuen aulkian Espainiako Auzitegi Nazioanalak Madrilen, aste honetan hasi diren bi epaiketetan. Astelehenean hasi zen 26/11 sumarioaren epaiketa, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auzipetutako 40 gazteei eragiten diena: Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunari, tartean. 40 gazteen kontrako epaiketa hasi eta hiru egunera, gaur, hasi da 35/02 sumarioari dagokion epaiketa, Herriko tabernen auzia izenarekin ezaguna, Madrilen, Auzitegi Nazionalean, eta tartean da Orkatz Kultur Elkartea. Hori dela-eta, Madrilen da gaur Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatz Kultur Elkarteko lehendakaria, baina ez du gaur deklaratuko. Datorren hilaren bukaera aldera deklaratuko du azpeitiarrak.
 
Batasunaren kontrako borrokan lehenbiziko urratsa izan zen auzia epaiketara doa, hamaika urtez kajoian gordeta izan ostean. Hala, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea leporatuta epaituko dituzte garai hartan Batasunakoak ziren 40 lagun. 40 lagun horiez gain, 110 herriko taberna ere epaituko dituzte, "erantzule zibil" izatea leporatuta.  

"Garapen naturala oztopatu"

Gainontzeko ehunka herriko tabernak bezala, Orkatz Kultur Elkartearen kontuak blokeatuta eta jabetzak (Orkatz taberna, alboko lokala eta lehenbiziko solairua) enbargatuta ditu epaileak une honetan, "edozein momentutan ixteko arriskuarekin". Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatz Kultur Elkarteko lehendakariaren esanetan, "Arranoen eta Orkatzen kasuan zentratuta, sektore ezkertiar eta abertzaleak elkartzeko balio duen gunea eta egitura ekonomikoa erasotu dituzte". 
 
Guzti horren aurrean egiten duten irakurketa da, "prozesu politikoa zapuzteko beste saiakera bat gehiago dela. Batetik, kartzelaratzeen bidez, nolabait, egon daiteken jende aditua kendu nahi dute zirkulaziotik. Eta, bestetik, nahiz eta espetxeratu ez, jendea horri begira edukiarazi. Azken finean, errepresioaren bidez hemen eraikitzen ari diren hainbat dinamika eta horien garapena zapuztu da. Orkatzen eguneroko bizia zapuztu eta, zigor ekonomikoez gain, gune horren garapen naturala oztopatu nahi da". 
 
Izan ere, operazioa eman zen garaian, hainbat berrikuntza egitea planteatzen zuten. "Orkatz gaineko solairuaren eta alboko lokalaren erosketa asmo horrekin egin zen, zerbitzu eta baliabide aukera zabalagoa eskaintzeko. Baina, momentu honetan ezin ditugu garatu duen oztopo horregatik. Gremioekin-eta hitz egiten hasita geunden taberna handitzeko, beste era batera egituratzeko eta beste zerbitzu batzuk eskaintzeko. Asmoa zen komunak tokiz aldatzea, eta orain komunak dauden lekuan kultur ekitaldietarako gune bat sortzea. Eta operazioa juxtu etorri zen horretan ari ginela. Nolanahi ere, momentu hartan geure arriskuak hartu eta berritze planteamendu bat egin genuen. Orkatzek izan duen berritze handiena igoal orduan eman zen, itxurari dagokionean, egurra sartze hori eta... Goiko solairu osoa hutsik dago, ezin da ezer egin. Bere garaian, alokairuan genuen baina, ondoren, taberna, alboko lokala eta lehenengo solairua erosi egin genituen. Orkatz Kultur Elkartean 60 bazkide gara guztira eta erosketa horiei aurre egiteak eta nahi bezalako erabilpena eman ezin izanak egundoko kostu ekonomikoa dute. Etxepeko gastu guztiak ordaindu behar izaten ditugu eta hutsik dago, kentzeko arriskuarekin, gainera. Horrez gain, hiruhilabetero, izaten ditugun irabazien eta gastuen aitorpena bidali behar izaten dugu Madrilera eta horrek eragiten duen kostu ekonomikoa izugarria da. Horregatik, aspalditik hasita, gastu horiei aurre egiteko ekitaldiak antolatzen ari gara; Benito Lertxundiren kontzertua, esaterako".     

"Garaian garaiko erasoak"

Orkatz Kultur Elkartearen kontrako operazioa 2002. urteko apirilean eman zen, San Joan bezperan, eta hori "testuinguru jakin batean" kokatu behar dela adierazi du Orkatz Kultur Elkarteko kide Aitzol Iparragirrek. "Kontuan hartu behar da, Estatu espainiarrak, hamarkadaz hamarkada, garaian garaiko eraso judizial eta errepresiboak eman dituela erakunde eta egitura politikoen aurka. Hor kokatzen dira Egin egunkariaren aurka egindako erasoa; Haikaren aurkakoa, non (Garikoitz Etxeberria) Kafe atxilotu zuten; gestora eta presoen aldeko mugimenduaren kontrako erasoaldi guztia eta Egunkaria-ren itxierarekin amaitzen den ziklo oso bat. Tarte horretan ematen da Orkatz eta herriko tabernen aurkako erasoaldia ere. Guzti hori, 2000ko hamarkadan kokatzen da eta, nolabait, Lizarra-Garaziren kasuan, gaitasun politiko bati errepresioz erasotu nahi zitzaion estatuaren
aldetik".  

Arrizabalaga, Madrilera

Hainbeste auzipetu eta arduradun zibilekin, luzea eta korapilotsua aurreikusten da epaiketa. Akusatuei deklarazioak hartzeko lau hilabete aurreikusten ditu auzitegiak. Eta ondoren, herriko tabernen ordezkariek deklaratu beharko dute. Azaroaren 19an deklaratu beharko du aurrenak, eta otsailaren 17an azkenak. Xabier Arrizabalaga Enbortxo Madrilen izango da deklaratzen, datorren hilaren bukaera aldera. 
 
Epaiketa nola igaroko den, ez dute aurreikusten. "Guk garbi duguna da eta Madrilera goaz esatera ETA erakundearekin zerikusirik ez dugula izan. Gu azpeitiarrak gara, ezkertiarrak, eta guk ikusten genuen Azpeitian jende ezkertiarra biltzeko gabezia bat zegoela eta guk gune bat sortu genuen. Guk helburu hori genuen, eta hor atera ditugun sosak lokala  berritzera eta gauzak egitera bideratu ditugu. Eta hori, gainera, zenbakietan frogatzen dugu, hor daude kontuak, sarrera-irteerak, zenbakiak". 

Orkatz ixtearekin "harritu ez"

Aurreikuspenekin jarraituz, urtebeteko epean Orkatz itxita ikustearekin ez liratekela "harrituko" adierazi dute. "Estatu espainolaren komenentziaren arabera eta euren kalkulu politikoak non kokatzen diren ikusita, posible da. Horren aurrean, guk pentsatzen dugu, azken finean, ikasgai bat dela Orkatzek Azpeitiari eman diona baloratzen jakitea. Eta Libre dinamikaren baitan, guk uste dugu ikasgai hori hartu behar dugula kontuan. Guk herriari erakutsi behar diogu gaitasuna badugula eta gaitasun hori lantzearen garrantzia azpimarratu behar dugu, aurrera begira ere hori egiteko. Estatu espainola saiatu da eta saiatuko da, argi eta garbi, prozesu politikoa eta herri honek egin dezaken bidea oztopatzen. 1990eko hamarkada ez zen ezker abertzalearen garairik onena izan, baina erakutsi dugu gauzak egin ahal zitezkeela. Gaur egun ere, eraso horren aurrean, eta ilegalizazio prozesu guztia gainditu ondoren, nota onarekin gainditu ere, momentu honetan eman daitezkeen erasoei erantzun daitekeela ikusten dugu. Herri honek aurre egin diezaiekela". Herriaren "indarra" da konfiantza ematen diena.

Datuak:

110 'herriko taberna'. Erantzule zibil izatea egotzita, epaiketara eramango dituzte Euskal Herri osoko 110 herriko taberna ere. Haietako ordezkariei deklarazioa hartuko diete, auzipetutako 40 laguni bezala. Urriaren 19an izango da aurrena, eta otsailaren 17an azkena. Deklarazioak hartzeko lau hilabeteko epea jarri du auzitegiak. Egunean hiruri egingo dizkiete galderak aldeek, urritik otsailera. Abenduan ez dute egunik jarri auzi saioetarako.

Manifestazioa gaur

Olatz Izagirreren eta beste 39 auzipetuen kontrako epaiketa nahiz Herriko tabernen auzia salatzeko, manifestazioa deitu du Azpeitiko Libre dinamikak gaurko (osteguna). 19:30ean izango da, plazatik abiatuta, Olatz eta Orkatz libre! lelopean.