Azpeitiko tren museoan, iraganera itzultzeko bidaia

Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 16a, 13:11
Burdinbidearen Euskal Museoan, Crespok Azpeitian ateratako argazki zaharrak. (Nerea Uranga

Vicente Crespo epaileak aurreko mendeko hasieran ateratako herriko argazkiak ikusi daitezke Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan.

Burdinbidearen Euskal Museoak XX. mendearen hasierako Azpeitiko argazki argitaragabeen erakusketa zabaldu du. Garai hartan herriko epaile Vicente Crespok ateratako argazkiak dira, eta aben­duaren 8ra arte ikus daitezke. "Cresporen argazkien balio historikoa handia dela eta (Azpeitian erabat ezezagunak dira, eta duela mende bateko genero-eszenak, paisaiak eta giroak jasotzen dituzte), ekimen hau bultzatzea erabaki dugu", aditzera eman du Euskotreneko zuzendari Iñigo Palominok.

1906an iritsi zen epaile gaztea. Astorgatik (Leon, Espainia) Azpeitiko epaitegi-barrutira bidali zuten, hain zuzen ere. Crespo argazkizale amorratua zen, eta auzi eta auzi artean geratzen zitzaion denbora librea bere zaletasuna praktikatzeko erabiltzen zuen. Hori horrela, Azpeitiko eta inguruetako irudiak hartzeko baliatu zuen aisialdia.

Zaleek aterako argazki askorekin gertatzen den bezala, argazki horiek desagertuta edo ongi gordeta geratzen dira. "Mende batez, bere irudiak familiaren Astorgako etxean gordeta egon ziren, Azpeitian inork haien berririk izan gabe. Zorionez, Burdinbidearen Euskal Museoa zabalik egoteak altxor txiki hori aurkitzeko aukera eman du", zehaztu du Euskotreneko zuzendariak.

Epailearen birbiloba Alberto Garcia Alvarezi esker berreskuratu dute ondare grafikoa. Garcia Alvarez Renfeko bidaiarien negozio-arloko zuzendaria da egun, eta honek bokazio berezia du burdinbideen inguruan. "Trenarekin zerikusia duen guztiaren zale po­rrokatu gisa, Alberto laster interesatu zen gure museoaz eta bertako instalazioak bisitatu zituen", dio Palominok. "Handik denbora gutxira, familia-bazkari batean, berriki egindako bidaia aipatu zuen eta bere osaba Gabriel Garcia Crespok aitonaren lehenengo lanpostua Azpeitikoa izan zela gogorarazi zuen". Hortik abiatuta, familiaren artxiboan arakatzen hasi zen birbiloba, eta berehala Azpeitiari buruzko negatiboak eta testuak aurkitu zituen. Aurkikuntza Burdinbidearen Euskal Museoari eman zizkion, honek ezagutzera eman zitzan, eta horretara dator erakusketa berria.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.