Martxan dira hirugarren Urkome Sariak

Uztarria.eus 2013ko urr. 15a, 13:28
Ezkerretik eskubira, Inaxio Gorosabel Azkoitiko zinegotzia, Amaia Gurutzeta Urola Kostako Udal Elkarteen ordezkaria, Arrate Otaegi Urkomeko kidea, Eneko Etxeberria Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Alfredo Angulo Haziko kidea.

Atalez atal, sei sari banatuko dituzte guztira. Ideia edo proiektuak urriaren 15etik azaroaren 15era bitartean aurkeztu beharko dira Urkomeren egoitzan. Hainbat balorazio irizpide hartuko ditu kontuan epai-mahaiak. Hala nola, ideia berritzailea, bideragarria, enplegua sustatzen duena eta teknologia berrien aplikazioa aurreikusten duena izatea.

Abian da bi urtez behin banatzen diren Urkome Sarien hirugarren edizioa. Orotara sei sari banatuko dituzte, ataletan banatuta. Hala nola, Nekazaritza eta Jardueren Garapena, Landa Eremuetako Bizi Kalitatearen Hobekuntza, Jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa zein Landa Eremuak betetzen dituen funtzioen zehaztapena eta errekonozimentua ataletan banatuko dituzte sariak. Horiez gain, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak amankomunean emango dute beste sari bat eta seigarren eta azken saria, Irekia, bozka bidez aukeratuko da. Atal bakoitzean 2.000 euroko diru saria banatuko dute, eta Irekia sariaren kasuan, berriz, eskualdeko produktu sorta bat.

Urkomekoek azaldu dutenez, "atal horiek Urkomek 2008an onartutako 2007-2013 Landa Garapen Programan jasota dauden lau garapen ardatzetan daude oinarrituta. Bosgarren saria, berriz, Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarlanean emango dute, eta seigarrena sektorearen partaidetza hobetzeko banatuko den saria da". Epai-mahaia Hazi Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Iraurgi Berritzenek, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Urkomeko Zuzendaritza Batzordeak osatuko dute (ordezkariak argazkian). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "epai-mahaiak sariak emateko gaitasun askea du, eta adostasunez hartuko ditu erabakiak". 

Proiektuak Urkomeren egoitzan (Enparan kalea 1) aurkeztu beharko dira urriaren 15etik azaroaren 15era bitartean. Aurkeztu beharreko dokumentuak bitan banatu beharko dira: datu pertsonalak batetik, eta proiektu edo egitasmoaren informazioa bestetik. Proiektuak Urola Kostan garatzen ari dena edo garatuko dena izan behar du, eta erakundeek, enpresek, elkarteek edo norbanakoek hartu dezake parte sariketan.

Balorazio irizpideak

Proiektuen balorazioa egiterakoan hainbat irizpide izango du kontuan epai-mahaiak. Besteak beste, ideaia berritzailea izatea, teknologia berrien aplikazioak aurreikusten dituzten proiektu edo ideiak izatea, bideragarritasun ekonomikoa edukitzea, enpregua sustatzen duten proiektuak izatea, berdintasuna sustatzea, eta gazteen ideiak eta kooperazio proiektuak izatea baloratuko dituzte.