Azpeitiko idazleen literatur lanak jaso dituzte webgune batean

Uztarria.eus 2013ko urr. 9a, 14:58
Eneko Etxeberria eta Gotzon Barandiaran webgunearen aurkezpenean.

"Azpeitiko idatzizko ondarea izugarria da, idazle ugari dago eta belaunaldi desberdinetan asko idatzi da herrian eta herriaz. Genero desberdinak landu dira urte eta urteetan". Hori dela-eta, herriko hamazortzi idazleren lanak eta nondik norakoak jarri dituzte eskuragarri Amarauna webgunean.

"Azpeitiko idatzizko ondarea izugarria da, idazle ugari dago eta belaunaldi desberdinetan asko idatzi da herrian eta herriaz. Genero desberdinak landu dira urte eta urteetan". Hori dela-eta, "trasmisiorako eta ezagutzarako" Azpeitiko idazleen nondik norakoekin eta horietako batzuk euskaraz idatzitako literatur lanekin webgunea sortu dute. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute webgunea Gotzon Barandiaran idazleak eta Eneko Etxeberria alkateak, eta azpeitiar idazleek egindako lanak jasotzearen "garrantzia" nabarmendu dute biek hala biek. "Azpeitia, ehuneko aldetik, Euskal Herrian idazle eta literatura lan gehien dituen herrietako bat da", gaineratu du Barandiaranek.

Etxeberriak azaldu duenez, "Kultur Mahaiak duela bost bat urte proposatu zion Udalari azpeitiar idazleek-eta egindako lanak jasotzea. Ondare hori jasotzea erabaki zen aurreko legegintzaldian, eta dagoeneko webgune batean daude ikusgai hainbat azpeitiar idazleren lanak, bibliografiak...". Barandiaranek "erabilera didaktiko eta pedagogikoa" ere aipatu ditu: "Herriko ikastetxeek aukera izango dute euskal literatura lantzeko, azpeitiarrek idatzitako liburuekin". 

Lehenengo fasea

Barandiaranek eman ditu webgunearen zehaztapenak, eta Azpeitian hainbeste lan dagoenez, "webgunea mugatu" egin dutela esan du: "Lehenengo literatur lanak jaso ditugu, baina askoz gehiago egin daiteke. Azpeitiaz ere asko idatzi da, eta azpeitiarrek liburuak kaleratu ahala webgunean jasotzeko aukera izango da. Izan ere, webguneek funtzionamendu dinamikoa dute, eta aukera ematen dute liburuak kaleratu ahala sartzeko".  

Momentuz, herriko hamazortzi idazleren lanak-eta jaso dituzte webgunean. Horrez gain, Azpeitiko liburuak izeneko atala ere sortu dute, eta bertan, besteak beste, Uztarria Komunikazio Taldeak argitaratutako hainbat liburu dago eskuragarri. Webgunearen egileek azaldu dutenez, "Uztarriak argitaratutako liburu guztiak ez ditugu jarri webgunean, Uztarria.com-en bertan irakurgai daudelako argitalpen denak. Horrenbestez, mardulenak aukeratu eta txertatu ditugu Azpeitiko idazleen webgunean".

Proiektua lehenengo fasean dago, eta "erronka" gisa ahozko ondarea jasotzea dutela azaldu dute. "Ahaztu gabe, baina apurka egin beharreko lana da ahozko ondarearena. Bertsolaritzan, adibidez, asko egin da Azpeitian, bertsolari asko dago, eta horiek egindakoak jaso, bildu eta sareratzean datza bigarren fasea". Aurrerago hirugarren fase bat garatzea ere aurreikusten dute, eta orduan jasoko dituzte literaturaz gaindiko generoak. 

Webgunean euren lanak eta nondik norakoak irakurri daitezkeen idazleak: