XX. mende hasierako Azpeitia argazkitan, Burdinbidearen Euskal Museoan

Uztarria.eus 2013ko urr. 4a, 20:07

Vicente Crespo epaileak ateratakoak dira eta bihar, zapatua, inauguratuko dute abenduaren 8a arte ikusgai izango den erakusketa. Museoaren hemeretzigarren urteurrena ere ospatuko dute zapatuan, lurrunezko trenen joan-etorriekin.

Joan den mende hasieran Azpeitian hartutako argazkiekin erakusketa irekiko dute bihar, urriaren 5a, Burdinbidearen Euskal Museoan. Guztira 32 argazki ikus ahal izango dira erakusketa horretan, orain arte jendaurrean jarri gabekoak. Irudi denak XX. mendearen hasieran Azpeitian epaile lanetan aritu zen Vicente Cresporenak dira.

Argazki erakusketa abenduaren 8a arte ikusi ahal izango da. Azken egun horretarako "ekitaldi berezia" iragarri du EuskoTrenek, lurrunezko trenaren denboraldiaren azken eguna ere izango dela kontuan hartuta.

Museoaren urteurrena

Vicente Cresporen argazki zaharrekin osatutako erakusketaren inaugurazioak bat egingo du zapatuan Burdinbidearen Euskal Museoaren hemeretzigarren urteurrenarekin.

Urteurrena ospatzeko, lurrunezko bost ibilgailu jarriko dituzte martxan. Egunean zehar Lasaora lau joan-etorri egingo ditu lurrunezko trenak.