'Amaren eskuak' filma ikusgai datozen egunetan

Uztarria.eus 2013ko urr. 3a, 12:36

Zapatutik astelehenera bitartean Amaren eskuak filma izango da ikusgai Soreasu antzokian. Guztira sei emanaldi izango dira: zapatuan, hilak 5, 19:30ean eta 22:00etan emango dute; igandean, berriz, 17:00etan eta 19:30ean, ta  astelehenean ere bi emanaldi izango dira, 19:00etan eta 21:30ean hasita.

Amaren eskuak filma zazpi urtetik gorako ikusleentzako da, eta Karmele Jaio idazlearen eleberrian dago oinarrituta. Mireia Gabilondok zuzendu du, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten filma.

Hemen sinopsia

Nerea errudun sentituko da, erreakzionatu ez zuelako amaren gaixotasunaren lehen arrastoak agertu zirenean; eta, une hartatik aurrera, Luisaren ordulariak iraganera jauzi nola egiten duen ikusiko du. Luisak ez du bere alaba ezagutuko eta Nereak, berriz, ez du ulertuko zergatik eskatzen dion bere amak itsasargira eramateko, zergatik aipatzen duen ametsetan Nereak berak ezagutzen ez duen German izeneko gizon bat.

Erruak itota eta bizi-egoera estu batek harrapatuta, Nereak bizi duen zurrunbiloa larriagotu egingo da albiste bat jasotzen duenean: Maite bere lagunak esango dio Karlos haren gaztaroko mutil laguna ikusi duela. Nereak ez du inoiz ahaztu.

Orain hamabost urte ezer esan gabe desagertu zen eta halaxe agertu da berriro.

Izeba Dolores, Luisaren ahizpa, agertzean, Nereak arnas pixka bat hartzea lortuko du, oso lagungarri izango da bai Nerearentzat, bai eta bere neba Xabierrentzat ere. Izebak argitu egingo dio amak aspaldi bizi izan zuen gertakari bat eta, hala, amak ezkutuan gordeta zuen bizipen bat ezagutuko du; horren ondorioz, Nereak bi emakumeen iraganeko bizipenen arteko parekotasuna ikusiko du, bien buruan dauden mamuen arteko antzekotasuna.