Herriraren aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute hainbat azpeitiarrek

Uztarria.eus 2013ko urr. 2a, 21:37

Tantaz tanta presoen eskubideen alde, tantaz tanta konponbidearen alde izenburuarekin testua irakurri dute gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean egin duten agerraldian. Azpeitian ostiralean egingo den kontzentrazio isilean (19:30ean, plazan) eta zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak, "bidegabekeria hauekiko duten desadostasuna eta Eneko [Ibarguren] eta kaltetuak izan direnekiko elkartasuna adieraziz".

Unai Lazarobaster Axkiola, Ainhoa Zabala, Josu Uzkudun, Maria Luisa Irulegi, Roxarito Ibaieta, Iraitz Elordi, Alazne Altuna, Garikoitz Etxeberria, Julian Armendariz, Maixol Arruti, Jon Garagarza, Joanito Amenabar, Ane Bastida, Maria Jesus Bernaras, Mikel Aranburu, Miren Alcedo, Manuel Agirre, Olatz Izagirre, Imanol Lazkano, Nerea Illarramendi, Iban Arregi, Begoña Azkue, Joxe Arregi eta Erika Olaizola.

Horiek dira gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean agerraldia egin duten hogeita lau herritarrak. Bakoitza berean (kirola, kultura, politika, komunikazioa, irakaskuntza, merkataritza, osasungintza...), Azpeitian ezagunak diren aurpegiak. Gaur komunikabideen aurrean agertzeko batu dituen arrazoiak, Herrira mugimenduaren kontrako operazioa eta horren barruan atxilotua izan den Eneko Ibarguren herrikidearen egoera izan dira.

"Ideologia desberdinak izan arren, ez ditugu horrelako eskubide urraketak onartzen", esan dute, Iban Arregi kazetariak irakurri duen testuan. Tantaz tanta presoen eskubideen alde, tantaz tanta konponbidearen alde izenburua duen idatzian, datozen egunetan izango diren mobilizazioetarako deia egin dute: Azpeitian ostiralean egingo den kontzentrazio isilean (19:30ean, plazan) eta zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak, "bidegabekeria hauekiko duten desadostasuna eta Eneko [Ibarguren] eta kaltetuak izan direnekiko elkartasuna adieraziz".

Hona hemen testua, osorik:

Prentsaurreko honetan gauden norbanakook, gure herritarra den Eneko Ibarguren eta Herriraren aurka burututako atxiloketen inguruan dugun iritzia konpartitu nahi dugu.

Hasteko ezinbestean Eneko eta bere senide nahiz lagunekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Era berean, gure kezka agertu nahi dugu egun hauetan bizi izaten ari den egoeraren inguruan.

Gure ustetan ezinbestekoa da, giza eskubide guztiak bermatzea. Eta horien artean, Herrirak modu zabal eta baketsuan defendatzen dituen euskal presoen eskubideak ere badaude. Beraz, eskubide batzuen defentsan lanean diharduten pertsona batzuen eskubideak urratu dira oraingoan. Hori horrela, ondorengoa azaldu nahi dugu hemen bildu garenok:

1. Ideologia desberdinak izan arren, ez ditugu horrelako eskubide urraketak onartzen.

2. Astelehenean gertaturikoak kezka sakona sortzen du gugan.

3. Horrelako eskubide urraketen aurrean ezinbestekotzat jotzen dugu erantzun zabal, indartsu eta baketsua ematea.

4. Gertaera hau, bake eta normalizazio bidean atzerapausoa dela uste dugu.

5. Beraz, dei egiten diegu azpeitiar guztiei ostiralean, urriak 4, arratsaldeko 19:30ean Azpeitiko plazan burutuko den kontzentrazio isilean eta larunbatean, urriak 5, arratsaldeko 17:30ean Casillatik irtengo den manifestazioan parte hartzera, bidegabekeria hauekiko duten desadostasuna eta Eneko eta kaltetuak izan direnekiko elkartasuna adieraziz.

Hau esanda, Herrirak egiten duen gisan, "Tantaz tanta", guztion eskubideen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez aipatutako deialdietan elkartuko garelakoan agurtzen gara.