Deklaratzeari uko egin dio Eneko Ibargurenek

Uztarria.com, Berria.info 2013ko urr. 2a, 14:17

Atxilotuetako bederatzi bart gauean galdekatu zituen Guardia Zibilak, eta gaur, beste bederatziak (Tartean, Ibarguren). Bihar igaroko dira atxilotu guztiak Auzitegi Nazionaletik.

Atzo, astearte, gauean ziren deklaratzekoak Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atxilotutako hamazortzi lagunetatik bederatzi, baina uko egin zioten hitz egiteari. Gaur goizean Guardia Zibilaren aurrean deklaratu beharreko bederatziek ere uko egin diote. Tartean, Eneko Ibarguren Kurku-k.

Eneko Ibargurenen abokatuak senideei jakinarazi dienez, Eneko "ondo eta lasai" dago. Atxilotutako batzuen abokatu Aiert Larrartek Naiz.info-ri azaldu dionez, atxilotuek "tratu egokia" jaso dute eta "legez kanpoko galdeketarik" ez diote egin.

Sumarioa gaur goizean ireki dutela-eta abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalera joan dira atxilotuei zer leporatzen dieten jakitera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurretik pasatu beharko dute atxilotuek ostegun goizerako. Inkomunikatuta ez dauzkatenez, gehienez ere 72 ordura luza dezake Guardia Zibilak atxiloaldia. Gainera, dei baterako eskubidea dute atxilotuek, baina guardia zibilek berek deitu zieten senideei atxilotuta zeuzkatela esateko.

Auzitegi Nazionalera eramaten dituztenean, epaileak erabaki beharko du zer neurri ezartzen dion atxilotu bakoitzari; edo baldintzarik gabe espetxera bidaliko dituen, edo, bestela, aske uztekotan, zein baldintzatan utziko dituen aske.