Beñat Lizasok eta Jokin Urangak Txapelketa Nagusiko final laurdenetako saio berean kantatuko dute

Uztarria.eus 2013ko ira. 17a, 14:17

Lizasok eta Urangak urriaren 19an Legazpin izango dute final laurdenetako kanporaketa. Irailaren 29an, igandea, Villabonan (Gipuzkoa) hasi eta abenduaren 15ean, igandea, Barakaldoko BECen (Bizkaia) bukatuko da 16. Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Irailaren 29an, igandea, Villabona-Amasan (Gipuzkoa) hasi eta abenduaren 15ean, igandea, Barakaldoko BECen (Bizkaia) bukatuko da 16. Bertsolari Txapelketa Nagusia. 43 bertsolarik hartuko dute parte eta horietatik bi azpeitiarrak izango dira: Beñat Lizaso eta Jokin Uranga. Gipuzkoako Txapelketan lortu zuten biek Txapelketa Nagusiko txartela. 

Lizasok eta Urangak final laurdenetako saio berean abestu beharko dute urriaren 19an. Legazpiko Urbeltz pilotalekuan izango da kanporaketa, eta bi azpeitiarrez gain, Oihana Bartra, Ainhoa Agirreazaldegi, Igor Elortza eta Iñigo Mantzisidor Mantxi izango dira oholtzan.

Guztira sei final laurden jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalerdietara. Sei irabazleez gain, puntu gehien lortzen dituzten beste hamabi bertsolarik osatuko dute hurrengo faseko taldea.

Duela lau urteko finalistek ez dituzte kanporaketak jokatuko eta finalerdietan hasiko dira lehian, aurreko fasetik sailkatzen diren 18 bertsolariekin batera. Maialen Lujanbio, 2009ko irabazlea, zuzenean pasatuko da aurtengo finalera, eta Andoni Egañak duela lau urteko finalean iragarri zuen ez zuela hurrengo Txapelketa Nagusian parte hartuko.

Saioetarako sarrerak

Internet bidez Bertsosarrerak.eu webgunean eskuratu daitezke saio guztietarako sarrerak. Oraingoz, ordea, txapelketa osorako bonoa eta kanporaketetarako sarrerak eros daitezke. Urriaren 14an jarriko dituzte salgai finalaurrekoetarako sarrerak.

43 parte-hartzaileen izen-abizenak 

Agin Rezola, Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Amaia Agirre, Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Eneritz Zabaleta, Erika Lagoma, Etxahun Lekue, Felix Zubia, Fredi Paia, Iban Urdangarin, Igor Elortza,Iker Zubeldia, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia, Iratxe Ibarra, Jexux Mari Irazu, Jokin Uranga, Jon Maia, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto, Maddi Sarasua, Maialen Lujanbio, Manex Agirre, Miren Amuriza, Nerea Elustondo, Odei Barroso, Oihana Bartra, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Unai Agirre eta Xabier Silveira