Herriko langabetuek doan egin ditzakete euskara ikastaroak Udal Euskaltegian

Uztarria.eus 2013ko ira. 16a, 20:59
Kontxita Martija eta Leire Etxaniz, Euskara Patronatuan eman duten prentsaurrekoan. (AZPEITIKO EUSKARA PATRONATUA)

Udalak ordainduko die matrikula eta, ikasturtean zehar %85eko asistentzia izaten badute, ez dute gerora ere ezer ordaindu beharko. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Azpeitian euskara sustatzeko diru-laguntza iaztik %30 murriztu dela jakinarazi du Udalak.

Langabezian dauden azpeitiarrei laguntza berezia eskainiko die Udalak 2013-2014 ikasturtean Udal Euskaltegian ikastaroak egin ditzaten. Hala iragarri dute gaur, astelehena, Kontxita Martija Euska batzordeburuak eta Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Udaleko Euskara Patronatuaren egoitzan.

Hain zuzen ere, Udalak ordainduko die herriko langabetuei ikastaroen matrikula eta, ikasturtean zehar %85eko asistentzia izaten badute, ez dute gerora ere ezer ordaindu beharko. "Milaka dira azken 30 urteotan Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara ikasten ibilitako azpeitiarrak. Azpeitiar horietako asko eta askori lanerako aukera ere hortik etorri zaie; euskara ikastetik, alegia. Horregatik, gaur egungo lan egoeraren beltza eta larria ikusita, Azpeitiko Udalak ate hori zabal-zabalik utzi nahi die langabezia egoeran dauden azpeitiar guztiei", azaldu du Martijak. Etxanizek, bere aldetik, Udala langabetuen formazioa indartzeko egiten ari den ahalegina nabarmendu du.

"Azpeitiko Udalaren asmoa da langabezia egoeran dauden azpeitiar guztiei euskara dohainik ikasteko aukera ematea -gaineratu du Martijak-. Ikastaro hauek antolatzeko, eta jakiteko zenbat diren euskara ikasi nahi duten langabetu azpeitiarrak, izena emateko epea zabalduko dugu gaurtik hasita irailaren 30era arte". Euskaltegiko ikastaroetan izena eman nahi dutenek Euskara Patronatuaren egoitzara (Perdillegi, 1, behea) jo behar dute. Udal Euskaltegiaren 2013-2014 ikasturterako eskaintzaren gaineko informazioa, hemen.

Diru-laguntza gutxiago

Langabetuentzako laguntzak iragartzeareaz gain, Udaleko ordezkariek aurten Azpeitiak euskararen sustapenerako diru-laguntza gutxiago jasoko duela ere esan dute.

Iaztik honako jaitsiera Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen murrizketak eragingo du. Horrela, 2013an iaz baino %30 txikiagoa izango da Jaurlaritzak Azpeitiko Udalari emandako diru-laguntzen kopurua: 2012an 27.774,15 euro bideratu zituen Eusko Jaurlaritzak Azpeitiko Udalera euskara sustatzeko, eta 2013an 19.648 eurokoa izango da laguntza hori, iaz baino 8.126,15 euro gutxiago.

Aldiz, Gipuzkoako Foru Aldunditik euskararen arloan Udalak jasoko duen diru-laguntza iaz baino %26 handiagoa izango da: Udalak 2012an 12.480 euro jaso zituen Diputaziotik eta aurten, berriz, 16.400 euro jasoko ditu, iaz baino 3.920 euro gehiago.

Bi erakundeen laguntzak kontuan hartuta, baina, guztira diru-laguntzetan iaz baino 4.206.15 euro gutxiago jasoko ditu Udalak euskararen sustapenerako. "Jaurlaritzak jarri ez duen diru hori, Azpeitiko Udalak jarri beharko du", esan du Euskara batzordeburuak.