Futbolerako zelai artifiziala egiteko lanak hasi dituzte Garmendipeko anexoan

Uztarria.eus 2013ko ira. 13a, 18:15
Hil hasieratik ari dira lanean anexoan, zelai berria egokitzeko.

"Garmendipen egun dauden futbol instalazioek ez dutelako gehiagorako ematen, anexoa erabili gabe zegoelako eta talde kopuruari lotuta denboraldi honetarako arazoa zegoelako" egingo dituzte lanak. Manuel Unanue Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, "lanak lehendik dagoen zelaia aprobetxatuta egingo ditugu". Lanak azarorako bukatuta izatea espero dute.

"Garmendipen egun dauden futbol instalazioek ez dutelako gehiagorako ematen, anexoa erabili gabe zegoelako eta talde kopuruari lotuta denboraldi honetarako arazoa zegoelako", futbol zelai artifiziala egiteko lanak hasi dituzte anexoan. Manuel Unanue Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, "egun dagoen futbol zelaitik abiatuta egingo ditugu lanak; lehengo zelaia aprobetxatuta, alegia".

Unanuek esan duenez, "Lagun Onak Futbol Taldeko zein Ikasberri Kirol Elkarteko futbolariek denbora laburra izaten dute entrenatzeko, entrenamenduak berandu bukatzen dituzte eta zelai erdian aritu behar izaten dute. Horrez gain, duela bost urte baino sei talde gehiago daude egun; 19 guztira. Teknifikazioan beste 250 bat ume dabiltza eta eskola kirolekoak ere aritzen dira futbolean".

Lanen lehenengo fasea hasita da dagoeneko, eta beste bizpahiru astean bukatzea aurreikusten dute. Gero, urrian hasiko dira belar artifiziala jartzen, eta lanak azarorako bukatuta izatea aurreikusten dute.

Duela urtebete inguru hasi ziren Udala, Lagun Onak eta Ikasberri biltzen, eta Kirol Mahaian aztertu zuten gaia: "Aukerak aztertzen hasi ginen bi taldeekin batera, eta Espainiako Futbol Federaziora eta Gipuzkoako Foru Aldundira jo genuen diru-laguntza eske. Federazioa prest agertu zen diru-laguntza emateko, eta baita Foru Aldundia ere. Horrenbestez, lanak egiteko beharrezkoa genuen diruaren %80 lortu da". Lanek, guztira, 340.000 euroko aurrekontua izango dute.

Aterpea, beste zelaian

Jendearen eskariari erantzunez, lehendik dagoen zelai artifizialean aterpea jarri nahi dutela azaldu du Unanuek. "Anexoko zelai berrituaren lanak bukatutakoan, aurrekontuaren zatiren bat gelditzen bada, eskaera horri erantzungo diogu. Zelai guztian ez dago-eta aterperik".