'Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketa abian da

Urola Kostako Hitza 2013ko ira. 12a, 20:11

Lanak azaroaren 8ra arte aurkeztu behar dira. Sari banaketa Azpeitian egingo dute aurten, azaroaren 30ean.

Naturaren ikuskizuna. Hori izango da Gure inguruari begirada bat argazki lehiaketara aurkezten direnek landu beharko duten gaia. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek eta bi herrietako Agenda 21ek hamabigarren urtez antolatu dute lehiaketa, eta horretarako interesa dutenek dagoeneko aurkeztu ditzakete lanak.

"Naturak egunero hitz egiten digu. Onerako eta kalterako duen indarra adierazten digu. Izan loreen eta fruituen ernatzea, egunsenti ederrak, ostadarra, uholdeak, lurrikarak, luiziak... Gertaera positibo nahiz negatiboek, denek, irudi ederrak sortzen dituzte", adierazi dute antolatzaileek. Hori hala, lehiaketaren bidez adierazpen horiek bildu nahi dituzte argazkietan, ondoren erakusketan ezagutzera eman ditzaten.

Argazkiak Azkoitiko eta Azpeitiko eremuetan atera beharko dituzte; gainontzean ez dituzte onartuko. Gehienez 10 argazki aurkeztu ahal izango dituzte. Azaroaren 8a baino lehen bidali behar dira postaz, helbide hauetara: Plaza Nagusia, 5, 20730 Azpeitia edo Herriko Enparantza, z/g, 20720 Azkoitia. Kartazalak Tokiko Agenda 21 Gure inguruari begirada bat izena edukiko du, eta argazki bakoitzak kode bat izango du: argazkia positiboa edo negatiboa den adierazi beharko dute, baita irudiaren lema eta argazkiaren zenbakia ere. Diskoa aurkezterakoan, berriz, egilearen datuak sartu beharko dira: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, eta telefono zenbakia.

Sari banaketa, Azpeitian

Ohi bezala, argazkilari batek kategoria bakoitzean sari bakarra jaso ahal izango du. Guztira 100 euroko hamabi sari banatuko dituzte, sei arlo bakoitzean.

Argazkiak baloratzerako orduan gaiarekin duten lotura, orijinaltasuna, kalitatea eta gaurkotasuna hartuko ditu kontuan epaimahaiak. Azaroaren 18an hartuko du saridunen gaineko erabakia, eta sari banaketa Azpeitian izango da aurten. Azaroaren 30ean izango da sari banaketa, eta argazki horiek Azpeitiko eta Azkoitiko udalen esku geratuko dira