Xanti Alkorta: "Kataluniako herria inoiz baino elkartuago dago"

Uztarria.eus 2013ko ira. 11a, 19:34

Bartzelonan bizi da azpeitiarra eta aurtengo Diadaren eta Via Catalana ekimenaren ingurukoak nola bizi dituen eta Katalunian nola bizi dituzten azaldu dio Uztarriari. Independentziaren aldeko joeraren gorakadaren arrazoia, bere ustez, "autodeterminaziorako eskubidea ukatu nahi izatea da".

Xanti Alkorta (Azpeitia, 1989) 2007tik bizi da Bartzelonan eta Uztarriak harengana jo du gaur, irailaren 11n, berak eta katalanek 2013ko Diada eta eta Via Catalana ekimenaren ingurukoak nola bizi dituzten hobeto ulertu asmoz.

Zer nolako giroa dago Bartzelonan?

Bartzelonan giroa lasaia da. Eguna euritsua izan den arren, jendea kalean zehar urtero moduan dabil, senyera eskuetan. Bazkalondoan, gainera, eguzkia ere atera da. Via Catalana egiteko, primeran.

Gaur da Diada, baina aurretik ere giroa bero egon da hor, ezta?

Bueno, beti egon da giroa piztuta. Aldatu den gauza bakarra da, Kataluniako herria inoiz baino elkartuago dagoela orain.

Parte hartuko al duzu ekimenetan?

Bartzelonako jendeak egun hau gogoz ospatzen du eta urtero hurbiltzen gara arratsaldean Passeig de Graciara, bertan egiten den elkarretaratzera. Giza-katean ezingo dut parte hartu; aspalditik daude tokiak beteta.

Azken urteetan antzeman al duzu aldaketarik katalanen independentzia nahiaren inguruan?

Lehen esan bezala, beti egon da independentzia nahia, baina esan beharrekoa da Katalunian nazionalismo desberdinak daudela. Hala ere, azken urteotan nabarmena da, desberdintasunak egon arren, nahia lehentasun bihurtu dela guztientzat.

Independentzia nahi horrren arrazoietako bat ekonomikoa da. Pisu handia al du horrek?

Zerbait izango du, beti eduki du ekonomia arazua Kataluniak Espainiarekin. Hala ere, oraingo arrazoi bakarra, nere ustetan, autodeterminaziorako eskubidea ukau nahi izatea da.

Gaurkoaren ondoren, 2014an iritsiko al da galdeketa edo erreferenduma?

Egutegiaren arabera bai, baina politikan....

Euskaldun batek zer sentitzen du horrelako mugimendua eta oihartzuna duen egun batean?

Kasu honetan, neuk pertsonalki, ilusioa eta errespetua.

Hemen sortuko al da halako olaturik?

Lehen esan bezala, independentzia nahi desberdinak daude munduan, bakoitzak bere konplejitateak dauzka. Gu, euskaldunok, beste plano sozial, ekonomiko eta politiko batean gaude. Baina pertsonalki, errespetuz, ilusio asko egingo lidake.