Uraren memoria

Uztarria.eus 2013ko ira. 5a, 12:39
Plaza urak hartuta. (Ramon Etxeberriak utzitakoa)

Bihar, irailaren 6a, emango dute azkenean Sanagustin kulturgunean 1953ko eta 1983ko uholdeen gaineko proiekzioa; 19:00etan hasiko da saioa. Uztarria herri aldizkariak gai bera hizpide hartuta erreportajea osatu zuen joan den abuztuko zenbakian, Uraren memoria izenburuarekin. Hona hemen erreportaje haren edukia.

Sua eta ura belaunetik behera mantentzea hobe dela dio esaera zaharrak, ez arrazoirik gabe. Elementuak menperatzea, baina, ez da beti posible izaten eta orduan iristen dira komeriak, baita tragediak ere. 1953ko urriaren 14an eta 1983ko abuztuaren 26an urak edonoren belaunetatik oso goitik ibili ziren Azpeitian. Hogeita hamar urteko tartea dago bi data horien artean, eta beste hogeita hamarrekoa azkenekotik gaur arte.

Azpeitiak ezagutu dituen azken bi uholde handien 30. eta 60. urteurrenak gogoan, abuztuaren bukaera aldera, 1983koa gertatu zen dataren inguruan, saio berezia emango dute Sanagustin kulturgunean. Emanaldirako, alde batetik, 1953ko uholdeen argazkiak erabiliko dituzte; eta, bestetik, Azpeitiko Zine Klubak 1983koen irudiekin osatu zuen dokumental laburra.

Garai hartako zineklubaren kidea zen Ramon Etxeberria eta bera izan da abuztuko saio berezi horren bueltan lanean ari denetako bat. Pepe Azpiazu zenak abuztuaren 26ko uholde egunean eta biharamunean Azpeitian eta Azkoitian hartutako irudiekin osatu zuten film laburra. "Grabazioarena gauza espontaneo bat izan zen. Pepek [Azpiazu] kamera hartu eta grabatzen hasi zen. Irudi guztiak harenak dira", kontatu du Etxeberriak. "Zine klubean bideo-kamera bat erosita genuen eta uste dut kamera harekin hartutako irudiak direla, ez super 8-arekin". Irudiak eskuetan, "haiei lotura ematea" besterik ez zitzaien gelditzen. Hurrengo egunetako egunkarietatik ateratako datuekin hornitutako testua prestatu, eta Carmelo Otaegi kazetariak jarri zuen narraziorako ahotsa.

Oroitzapenak

Urteak pasatu egiten dira eta memoria lausotu, baina badira gogoan iltzatuta gelditzen diren irudi eta uneak ere. 1983ko abuztuaren 26 hartatik, "Pastorkuaneko irudia begi-bistan" duela dio Ramon Etxeberriak; tabernako jabeen estutasuna, eta "garajeetan ibai aldera dauden zulo haietatik ura barra-barra" nola sartzen zen. "Arratsaldeko ordubiak inguruan han ur-jauziak zeudela ematen zuen. Behe hartan dauden soziedadeetan ere aberia handia egin zuen urak. Arkaitzan aurreneko argazki rallyetako artxiboak-eta gordetzen zituzten lokal txiki bat zeukaten garai hartan; argazki denak ezkutatu ziren uholdearekin".

1983ko uholde hartan ibaiek bi hazi aldi nagusi izan zituzten, bata goizaldean, eta bigarrena arratsaldean. Horrela, "egun osoan batean eta bestean" ibili behar izan zutela du gogoan Kepa Ibarzabalek. Etxe Alai auzoan bizi zen, ordea, eta goizean kotxea hartu eta Arana kalera jaitsi zen arte ez zuen gertatzen ari zenaren berririk izan. Zinegotzia zen Ibarzabal, urte hartan bertan izan ziren hauteskundeetan osatutako udaleko kide. "Aldapa barreneraino ailegatu baino lehen konturatu nintzen urak atera zirela. Kotxea utzi eta Zabalanekoek Aranan zeukaten tailer txikiraino joan nintzen; orduantxe ari ziren kotxeak-eta ateratzen, eta han jardun nintzen, laguntzen. Goiza hala pasatu genuen, bati kotxea ateratzen lagunduz, besteari beste zerbait... Neu Udalean egon arren, artean berriak ginen, eta abuztua opor hilabetea izan ere bai". Egun hartako xehetasun askoz gehiago ez du gogoan Ibarzabalek. Hurrengo egunetan garbiketa lanetarako hainbat azpeitiarrek erakutsi zuten prestutasuna da gogoan duena. "Uholdeen ondorenean, Udalak erremintak jarri zituen, lanerako prest zegoen jendearentzat, eta erantzuna oso ona izan zen. Hainbeste zikin eta zerrikeria zegoen, garbitzeko". Herri kaskoan uholdeen arrastoa erabat ezabatzeko pare bat aste behar izan zituzten; kaltetutako baserri bideak-eta bere onera ekartzeak luzeago jo zuen. Garaiko prentsaren arabera, mila milioi pezetako kalteak izan ziren Azpeitian uholdeen ondorioz.

Ikasgaiak

Metereologiak bere zikloak dituela diotenei kasu eginez gero, orain 60 eta 30 urte gertatutakoak errepikatzea posible litzatekeela pentsatu daiteke. Gauzak aldatu egin direla dio Ibarzabalek, "orain abisua ematen" dutelako. "1983an, behintzat, inork ez zuen espero halakorik gertatuko zenik. Baliabideak ere ez ziren gaurko egunekoak". Uholde haien lezioak eraginda ibaien zaintzan eta garbiketan urrats handiak egin zituztela dakar gogora, baita azpiegituretan ere; Artzubiko zubi zaharra bota eta berria eraikitzea izan zen adibideetako bat.

Hala ere, orduko ikasgaiak ahaztuxe ez ote ditugun da Kepa Ibarzabalen kezka. "Gaurko egunean benetan harrituta nago ni, ibaiaren erdian dauden mendi horiek ikusita; niretzako, kalterako dira. Ibaiak, urak, bere lekua bilatzen du, bere lekua behar du". Ibaietan berez sortzen diren aldaketez gain, gizakion zabarkeriak ere atentzioa ematen dio. "Kontzientziazioan ere asko falta zaigula ikusten dut; natura eta natura eta natura jarduten gara baina, gero, zer kontzientzia klase daukagu? Zeozertan huts egiten dugu...".

1983an urak Azpeitian eragindako triskantza handia izan bazen ere, kalteak materialak izan ziren soilik. 1953an, aldiz, uholdeak heriotzak eragin zituen. Donostiatik zetorren La Guipuzcoana etxeko autobusa urak eraman zuen Iraeta eta Zestoa artean. Barruan zihoazten gehienak eta laguntzera joandako beste batzuk ere han hil ziren; tartean, hamar azpeitiar. Ibarzabalek 7 urte zeuzkan orduan, Elizkalean bizi zen, eta duen oroitzapena etxetik ikusi zuen hilkutxa ilara da: "Hura oso tristea izan zen. Hainbeste hildako ilaran... huraxe daukat nik buruan". Uraren memoria tristea.

Autobusa

1953ko uholdeak aipatzearekin batera hitz egiten da beti autobusaz, La Guipuzcoanaren autobus hartaz. Urriaren 14ko iluntzean, Zestoako harrobiaren parean, Donostiatik Azkoitira zihoan autobusa urak oztopatuta ez atzera ez aurrera gelditu zen aurrena eta, laguntzera inguratu zirenen ahaleginak ahalegin, uholdeak eraman zuen azkenean. Bidaiari batzuek irtetea lortu bazuten ere, gehienak autobusean ito ziren, hamasei lagun, hamar azpeitiarrak. Azpeitian bertan beste hildako bat ere izan zen egun hartan.