Jesus Ruiz de Argandoña: "Maite dut herria, eta haren alde zerbait egin badezaket, egin egiten dut"

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 19a, 18:29
Jesus Ruiz de Argandoña 'Keuttin', Frontoi Txikian. (NEREA URANGA)

Ilunpe Pilota Elkartean haurrei eta gazteei pilota irakasten jardun du 30 urtez, baina Santio egunean ardurak utziko ditu.

Azpeitian 30 urtez haurrei eta gazteei pilotan irakasten jardun eta gero, jarduna utziko du Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin-ek (Azpeitia, 1946). Ilunpe Pilota Elkartearen gidaritzako lekukoa zalantzan du, ordea. "Ni laguntzeko prest nago gero ere, baina eguneroko ardurak utzi nahi ditut". Santio egunez utziko du boluntario lana, Ilunpe Pilota Elkarteko XXIX. Txapelketa Cesar Valverde Sariaren finalen ostean. Orduak eta orduak igaro ditu Frontoi Txikian, "hotz galantak pasatuz, baina inoiz katarrorik harrapatu gabe". Hantxe bertan hartu du Urola Kostako Hitza.

Santio egunetik aurrera Ilunpetik erretiroa hartuko duzu. Zer egingo duzu gero?

Nik elkartekoei esan diet laguntzeko prest izango naizela, baina eguneroko obligaziorik ez dudala nahi. Asteburuak ere libre nahi ditut. Hemen askotan larunbat goizean entrenamenduak izaten dira, arratsaldetan partidak, eta igande goizetan ere bai askotan. Gogoa dudanean etorriko naiz Frontoi Txikira.

Nondik nora hasi zinen Azpeitiko pilotako elkartean?

Ilunpe elkartea sortu genuenean, Eusko Jaurlaritzak kirolari edo aisialdiri lotutako zerbait egiteko eskatu zigun. Orduan, herrian pilota elkarterik ez zegoelako horretantxe hasi ginen, 1982. urtean. Garai hartan herria hamar urtez pilotalekurik gabe egon zen; Frontoi Txikia botata zegoen, eta Betharrametan aritzen ginen. Pilotarako jiterik ez zegoen herrian. Hala ere, pixkanaka hasi egin ginen, eta gaur arte.

Aurretik pilotarako zaletasunik ba al zenuen?

Pixka bat ibiltzen ginen, baina futbolean gehiago; Lagun Onak-en ibili nintzen. Gero, pilotarako zaletasuna hartu, eta segi eta segi egin nuen.

Ilunpe Pilota Elkartearen hasierak nolakoak izan ziren?

Betharrametan hasi ginen. Han bazeuden lau edo bost afizioa zutenak, eta beste batzuk, 40-45 urtekoak, pilotan ibiltzen zirenak. Horregatik, beteranoen pilota txapelketa antolatzen hasi ginen, haurrek pilota zer zen ikus zezaten. Zaharren hamar-hamabi txapelketa egin genituen. Jende asko joaten zen ikustera, zaletasuna bazegoen eta. Errezilen ere beste bizpahiru urtean egin genuen beteranoen txapelketa. Ondoren, haurrak eta gaztexeagoak ere hasi ziren, eta halaxe segitu genuen.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Uztarria herri aldizkariak ere egin zion elkarrizketa Keuttini, erretiroa hartzearen atarian, 2013ko ekaineko zenbakian.