Mikel Gurrutxaga: "Gustura gaude egin dugun estilo aldaketarekin"

Uztarria.eus 2013ko uzt. 15a, 15:52
Kometa taldeko kideak. Erdikoa da Mikel Gurrutxaga. (Kometa Taldea)

Mikel Gurrutxaga azpeitiarra Kometa musika taldeko bateria-jotzailea da. Duela gutxi arte Smoking Hills izena zuen taldeak. Partaideak berdinak diren arren, aldaketa bikoitza eman dute: bai izenean, eta baita musika estiloan. Jauzi horrekin batera, lehen diskoa grabatu dute.

Hiru dira Kometa taldeko partaideak: Mikel Gurrutxaga bateria-jotzailea, Andoni Bonafau (Viana, Nafarroa) ahotsa eta gitarra, eta Juan Valdelana (Eltziego, Araba) baxua. Apirilean kaleratu zuten Momentuaren zai, taldearen lehen singlea. Mikel Gurrutxaga (1990) azpeitiarra da, eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du aurkeztu berri duten lanaz, eta bestelakoez. 

Gipuzkoar bat, nafar bat eta arabar bat. Nola elkartu zarete Kometa hirukotea?

Andonik talde batean jotzen zuen Vianan, eta ezagutzen nuen. Talde hura desagertu egin zen, eta Andoni eta biok hasi ginen elkartzen, eta bertsioak-eta jotzen. Zerbait serioagoa egin behar genuela-eta, baxuaren bila aritu ginen, eta Juan hasi zen taldean. Antzeko musika entzuten genuen, eta sarriago elkartzen hasi ginen. Horren harira, Smoking Hills taldea sortu genuen eta grabatu genuen diskoa Lizarran, geuk oroitzapen moduan edukitzeko.

Smoking Hillsetik Kometara. Zer aldatu da?

Lehen rock estilo gogorragoa egiten genuen. Baina diskoa grabatzerakoan konturatu ginen estilo aldaketa bat behar genuela: zerbait desberdina eta geureagoa. Beraz, ondo pentsatu ostean, estiloa aldatu eta taldeari Kometa izena jartzea erabaki genuen. 

Ondo moldatu al zarete lehen diskoaren grabazioan?

Ez dugu disketxe bidez grabatu. Usurbilgo Higain estudioetan grabatu genuen lana, Haritz Harreguyren laguntzarekin. Estudio batean grabatzen genuen lehen aldia zen, eta noski, ez genekien nolakoa izaten zen grabazio kontua. Estudiokoek asko lagundu ziguten. Haiek azaldu ziguten pausoz pauso nola egin behar den guztia. Alde horretatik, aukera ona egin dugula uste dugu. 

Singlea aurkeztu eta berehala hasi zineten oholtzara igotzen. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Singlea aurkeztuta genuen, baina CDa kaleratu baino lehen hasi ginen kontzertuak ematen. Kontzertuetan jakiten duzu entzuleek egindako lana gustoko duten edo ez, eta gure kasuan, erantzuna ona izan da. Jendeari gustatu egin zaio estilo aldaketa. Jendeak ez zuen uste horrelakoa izango zenik. Beraz, geu ere gustura gaude egindako aldaketarekin.  

Uda festa sasoia izanda, kontzerturik ba al duzue aurreikusita?

Ostiral honetan Eltziegon (Araba) joko dugu. Gero, hainbat proposamen dugu udarako, baina hitzez egindako proposamenak. Momentuz, ez dugu kontzertu asko itxita.

Azpeitiarra izanda, herrian jotzea gustatuko al litzaizuke?

Bai, noski. Ederra litzateke. Zestoan, esaterako, bi aldiz jo dugu. Smoking Hillsekin behin eta Kometaren diskoa kaleratu aurretik beste behin.

Gaztean jartzen dute Momentuaren zai kanta. 

Egia esan, Gazteak asko laguntzen du taldearen izena zabaltzen. Jendearengana iristea zaila da, ez bada kontzertua ikusi eta gustatu egin zaielako, edo batak besteari gomendatu diolako. Gure abestiak Gaztean jarrita edonork entzun ditzake, eta ezagutzera emateko erakusleiho paregabea da.

Hemen Momentuaren zai abestia: