Epea luzatu arren, ezkor

Uztarria.eus 2013ko uzt. 10a, 20:00

Espainiako Saskibaloi Federazioak uztailaren 19a arte luzatu du 2013-2014 denboraldiko Zilarrezko LEB ligan izena emateko aukera. Ordura arteko tartea du Iraurgi Saskibaloiak izen-ematea berresteko osatu behar duen aurrekontua borobiltzeko. Lortzeko "esperantza handirik ez" dute, ordea, klubean.

Gaur zortzi, uztailaren 3an, iragarri zuen Iraurgi SBk klubeko talde nagusia Zilarrezko LEB ligari agur esateko zorian zela. Aurreko hiru denboraldietan lehiatu den mailan jarraitzeko oztopoa ekonomikoa da: babesleak ezin lotuta eta erakundeen diru-laguntzak murriztuta, Zilarrezko LEB-en lehiatzeko beharrezkoa den aurrekontua ezin osatuta dabil ISB.

Berez, joan den astean bukatzen zen ligan izena emateko epea baina gaur, asteazkena, Espainiako Saskibaloi Federazioak epe hori uztailaren 19a arte luzatzea erabaki du, Madrilen egin duten bilera batean. ISBren zuzendari Jose Luis Zubizarreta Xubi-k Uztarriari azaldu dioenez, hamahiru dira datorren denboraldian Zilarrezko LEBean lehiatzeko aurreinskripzioa egina duten taldeak, Iraurgi barne dela; aurreko sasoian, hamaika talde aritu ziren ligan. Epea luzatzeak adierazi lezake Iraurgikoak ez direla zailtasunak dituzten bakarrak, baina "besteen egoeraren berri ez" dute.

Epea luzatuta, diru kontuak konpontzeko denbora gehiago du Iraurgik, baina ez dirudi nahikoa izango denik. Ezkor daude klubean. "Aste honetan pare bat bilera hitzartuta ditugu, baina esperantza handirik ez daukat", dio Xubik.

Zilarrezko LEB ligatik kanpora gelditzen bada, Iraurgi SBko talde nagusia Lehen Maila Nazionalean lehiatuko da 2013-2014an, Euskal Herriko eta Errioxako taldeekin eta bertako jokalariekin. Maila batean ala bestean aritzeak asko baldintzatuko du taldearen osaketa. Alde horretatik, taldearen planifikazio kontuetan "oso geldirik" daudela esan du Xubik.

Lehentasunak

Iraurgiren nahia eta gogoa talde nagusiak lortu duen mailari eusten jarraitzea bada ere, Iraurgiren zuzendariak argi dauzka lehentasunak. Ekonomiaren egoera orokorraren barruan, "ulertzen dugu gai hau ez dela lehentasunezkoa", dio batetik, zailtasun ekonomikoen eskalari erreparatuz. Bestetik, berriz, talde nagusia goi mailan eusteko ISBren proiektu osoa "zalantzan jarriko lukeen zulo batean" ezin direla sartu azaldu du Xubik. "Gure lehentasuna eskualdean kirol hau sustatzea da", gaineratu du.