Ehunmilak-eko parte hartzaileak herritik igaroko dira, ostiralean

Uztarria.eus 2013ko uzt. 10a, 12:10

Proba ostiralean, uztailak 12, Beasainen hasi eta igandean, uztailak 14, bertan amaituko da. Parte-hartzaileak ostiralean 23:25ak inguruan hasi eta zapatuan 07:15ak aldera bitartean igaroko dira Azpeititik.  

Ehunmilak Euskal Herriko Ultratrail lasterketako laugarren edizioa ostiralean, uztailak 12, Beasainen hasi eta igandean, uztailak 14, bertan amaituko da. Aurten ere, probako parte-hartzaileak Azpeititik igaroko dira, ostiralean 23:25ak ingurutik hasi eta zapatuan 07:15ak bitartean. Lasterkariek Erlotik jaitsi eta herriko Berdura plazan jarriko duten kontroletik pasatu beharko dute. Ondoren, Erniora abiatuko dira.

Proba ikustera joan nahi dutenentzat autobusak antolatu dituzte. Ostiralean, Zumarraga-Azpeitia zerbitzua egongo da: joaneko bi autobus izango dira 22:30ean eta 00:00etan, eta itzulerako bat 23:10ean. Larunbaterako, berriz, Azpeitia-Tolosa-Beasain-Azpeitia zerbitzua jarri dute: joaneko hiru autobus egongo dira 00:40ean, 2:55ean eta 5:10ean abiatuta. 

303 korrikalarik eman dute izena proban, eta hirunaka osatutako 19 taldek hartuko dute parte taldekako lehian. Antolatzaileen arabera, "inoiz baino parte hartzaile gehiago izango da 168 kilometroko luzera duen Ehunmilak proban". Gipuzkoa barnekaldeko mendigain garrantzitsuenak pasa beharko dituzte lasterkariek. Hala nola, Ernio, Txindoki edo Aizkorri.