Ertzaintzak Corrugadoseko bulegoak ikuskatu ditu, agirien balizko desagertzea ikertzeko

Uztarria.eus 2013ko uzt. 9a, 20:04

Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako albistea baieztatu dute zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen iturriek. Ertzainak atzo, astelehena, arratsaldean izan ziren enpresaren egoitzan. Laminazio saileko planoak beste enpresa batera eraman dituztenaren susmoa legoke lantegian, LAB sindikatuak atzo salatutakoaren ildo beretik.

Ertzaintzaren atestatuek Corrugados Azpeitiako bulego teknikoa ikuskatu zuten atzo, astelehena, agirien balizko desagertzea ikertzeko. Ertzainak 16:15ak aldera iritsi ziren enpresaren egoitzara eta ordubetez egon ziren bertan. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du albistea gaur, asteartea, eta zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen iturriek baieztatu egin dute gaur ertzainen presentzia.

Argitaraturakoaren arabera, lantegiko zuzendaritzak jarritako salaketa bat izan daiteke ertzainen etorreraren arrazoia; gaur, Azpeitiko zuzendaritzako iturriek ez dute ez baieztatu, ez ukatu, salaketaren nondik norakoa. Laminazio saileko planoak eta beste zenbait agiri beste enpresa batera eraman dituztenaren susmoa legoke lantegian, LAB sindikatuak atzo salatutakoaren ildo beretik. Corrugadoseko laminazio saileko "informazioa bildu" eta Azpeitiko beste enpresa batera eraman dutela esan du sindikatuak, eta Azpeitiko zuzendaritzako zenbait kide beste enpresa horretan lanean hasi direla ere bai.