Fundazioa desegin eta Burdinbidearen Euskal Museoa EuskoTrenen esku egotera itzuliko da

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko uzt. 5a, 18:25

Azpeitiko Udala fundazioaren kideetako bat izan da eta "kezka" azaldu du. "Gure iritziaren kontra hartutako erabakia izan da fundazioa desagertze bidean jartzea", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak.

Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegin egingo dute eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa EuskoTrenen esku egotera itzuliko da. Fundazioan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak hartu dute parte, besteak beste. Fundazioaren azken batzarrean, fundazioa desegin eta Azpeitiko trenaren museoa EuskoTrenen esku uzteko erabakia hartu zuten. EuskoTrenetik Urola Kostako Hitza-ri jakinarazi diotenez, fundazioa sortu aurretik bezalaxe Azpeitiko museoa EuskoTrenen eskuetara pasatuko da eta museoaren zuzendaria EuskoTrenen zuzendaria izango da, hau da, Iñigo Palomino. Hortik aurrerakorik ez dute argitu nahi izan EuskoTrenetik, "orain dena berregituratzeko eta antolatzeko lanean ari direlako ezin dugu gehiago azaldu". Dena den, museoak azpiegitura turistiko izaten segituko duela azaldu dute, "bertako jarduera sustatuko da, baina azkenaldian izan dituen gastu batzuk ekidinez".

Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoa 2011tik kudeatu du Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioak. Fundazioko zuzendaria Maitane Ostolaza zumaiar historialaria izan da. Azpeitiko museoa 1992an sortu eta 1994an ireki zen. Museoa ireki zenetik fundazioa sortu zen arte Juanjo Olaizola historialariak zuzendu zuen eta EuskoTrenen esku egon zen kultur azpiegituraren kudeaketa.

Udala, kezkatuta

Azpeitiko Udala fundazioaren kideetako bat izan da eta "kezka" azaldu du gertatukoarekin. "Gure iritziaren kontra hartutako erabakia izan da fundazioa desagertze bidean jartzea", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak. Erabakiaren muinarekin ez ezik, hartzeko moduarekin ere kritiko agertu da Etxeberria: "Asteartean asteazkenerako bilerarako deitu eta, hogeita lau orduko epean, aurrekontua %70 murriztea eta fundazioa desagertzeko bidean jartzea erabaki dute".

Kudeaketa EuskoTrenen eskuetara itzuliko dela jakinarazi bai, baina "museoaren edukiarekin zer gertatuko den, zer eredu izango duten ez" dutela argitu esan du Azpeitiko alkateak, eta horrek areagotu egiten die kezka. Museoa Azpeitiarentzat "aberastasun iturri" bat dela gogorarazi du Etxeberriak, "Gipuzkoan seigarren bisitatuena". Fundazioan "dirua jartzen zuten patronoak" ere gogora ekarri ditu, hala nola Metro Bilbao, CAF eta Gipuzkoako Foru Aldundia: "Fundazioa desegiteko erabakiarekin, patrono horiek eta ematen zuten dirua galdu egingo dira".

Udalean "gaia lantzen" ari dira, Gobernu Batzordean. "Presaka, adostu gabe eta gutxieneko edukiak zehaztu gabe" hartutako erabakiaren aurrean, Jaurlaritzari "museoak orain arteko eduki osoarekin jarraituko duela bermatzea" eskatuko diotela aurreratu du alkateak.