Anjel Oiarbide: "Herritarrok uste baino indar handiagoa dugu batzen bagara"

Uztarria.eus 2013ko eka. 28a, 12:34
Atzoko aurkezpeneko une bat.

Atzo, osteguna, ehun bat lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenean. Hil honetan Euskal Herriko 60 bat herritan ari dira erabakitzeko eskubidearen inguruko ekimena aurkezten, eta atzokoan Anjel Oiarbide dinamikaren sustatzaile eta Nazioen Munduko kidea izan zen Azpeitian.

Atzo, osteguna, ehun bat lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenean. Hil honetan Euskal Herriko 60 bat herritan ari dira erabakitzeko eskubidearen inguruko ekimena aurkezten, eta atzokoan Anjel Oiarbide dinamikaren sustatzaile eta Nazioen Munduko kidea izan zen Azpeitian. Idiazabalgo eta oro har, Goierriko esperientzia, Nazioen Mundua, oinarri hartuta azaldu zituen dinamikaren nondik norakoak.

Oiarbidek azaldu zuenez, "Euskal Herrian ziklo berri bat abiatu da, eta oraindik uhinik altxatu ez bada ere, Europa mendebaldeko nazio batzuetan ere abian da zikloa: Flandrian, Eskozian edo Katalunian, esaterako. Gertaera hauek "naturalak" direla esan zuen, eta "beste hainbat urtean ez da halakorik izango": "Hori dela-eta, Euskal Herrian kanpotik datozen indarrak aprobetxatu behar ditugu. Horretarako gizarte sare zabala josi behar dugu oinarri batzuen gainean, eta indarrak aprobetxatu".

Erabakitzeko eskubidea "posible" dela azpimarratu zuen Oiarbidek: "XIX. mendean sortu zen autodeterminazioa kontzeptu gisa, eta 2014. urtea mugarri historikoa izango da hainbat lekutan. Garrantzitsua da Eskoziaren kasua, Erresuma Batua superpotentzia da-eta". Ildo horretatik, "bat egin behar dugu, indarrak batu behar ditugu, bakarka edo banatuta ezer gutxi egin dezakegulako. Txikiegiak gara banatuta egoteko eta ezinezkoa da banatuta ezer egitea. Aniztasuna da gakoa, eta herriz-herri edo eskualdez-eskualde genero, adin zein sentsibilitate desberdinetako jendea biltzea da helburua. Ez dugu alderdirik sartu nahi tartean, baina haien babesa behar dugu".

Idiazabaletik Goierrira

Erabakitzeko eskubidearen inguruko mugimenduak sorburua Idiazabalen izan bazuen ere, sortu eta gutxira Goierrira zabaldu zen. "2009an aurkeztu genien 70 bat eragileri ordura arte egindakoa. Gaia nola ari zen zabaltzen eta normalizatzen azaldu genien, eta erabakitzeko eskubidea prepolitikoa dela azpimarratu genien".

Oiarzabalen arabera, "guretzat lorpena izan zen Goierriko alderdi abertzaleak erabakitzeko eskubidearen gainean hitz egiten hastea, eta bitartean Eskozian galdeketara bidean jarri ziren. Finean, Goierrin EAJ eta Ezker Abertzalea mahai beraren bueltan jartzeak eskemak puskatu zizkien herritarrei. Espazio berria sortu zen".

Hiru ideia, helburu bat

Gure Esku Dago dinamika hiru ideia barnebiltzen ditu: nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Horrez gain, dinamikak autodeterminazioaz bestelako lelorik ez duela jasotzen azaldu zuen Oiarbidek: "Idiazabalgo esperientzian oinarrituta, ikusi daiteke euskal gizartean dagoen konfiantza falta eta zatiketa. Une honetan konfiantza sortu behar da erabakitzeko eskubidearen gaineko aldarriarekin. Hemengo gatazkaren muina da autodeterminazio eskubidea. Euskal Herriak erabakitzea ere posible dela erakutsi behar dugu. Zergatik da posible Eskozian eta ez hemen? Errezeloak daudelako. Oso garrantzitsua da erabakitzeko eskubidearen aldarrien inguruan topagunea sortzea".

Herritarren garaia 

Oiarbidek azaldu zuenez, "herritarren adosgunea" eratu behar da: "2014ko udazkenerako herritarren elkarguneek martxan egon behar dute, eta herritarren atxikimenduak lortu behar dira". Gure Esku Dago dinamikaren harira bi ekimen izango dira datorren urtean. Euskatalba Aste Santuan, Donostian, eta ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katea.

Oiarbideren aburuz, "herritarren batzarrak eratu behar dira": "Batzar horiek anitzak izan behar dute, konfiantza landu beharko da eta dibertsitatea zaindu. Batzar horietan ikusiko da zer lortzeko gai garen eta estrategia amankomuna jarriko dugu abian. Baina, horretarako beharrezkoa da herritarren atxikimendua. Herritarrok uste baino indar handiagoa dugu batzen bagara".

"Norbanakoa ordezkatuta sentitu dadin lortu behar dugu. Parte hartzeko ohitura sortu behar da, parte hartzea satisfazioa baita norbanakoarentzat. Bete egiten gaitu parte hartzeak". Ordu eta erdi inguruko solasaldia izan zen Oiarzabalena, eta herritarrek zalantzak plazaratzeko tartea ere izan zuten.