Ekimenez beteta dator II. Lagun Onak Eguna

Uztarria.eus 2013ko eka. 26a, 14:03

Zapatuan, hilak 29, ospatuko dute II. Lagun Onak Eguna. Festa giroa izango da nagusi, eta futbola beste hainbat ekimenekin uztartuko dute. 09:00etan hasiko da egitaraua, eta 10:00etan izango da txupinazoa Garmendipen bertan. Besteak beste, "bizi guztia Lagun Onaken lanean aritu diren" Jesus Epelde eta Joxe Mendizabal omenduko ditu futbol taldeak.

Bigarren Lagun Onak Eguna ospatuko dute zapatuan herrian. Futbolarekin lotutako ekimen sorta izango da egun osoan, baina bestelako ekitaldiak ere izango dira. Txupinazoa 10:00etan izango da Garmendipeko zelaian, eta Unai Orbea txirrindulariak eta Jon Orbegozo futbolariak botako dute. Lagun Onakekoek azaldu dutenez, "Oihana Goenaga igerilariari eta Jagoba Beobide futbolariari ere esan genien txupinazoan parte hartzeko, baina ezin dute egun horretan bertan egon". 

Festa, ordea, txupinazoaren aurretik hasiko da, 09:00etan hain zuzen. Garmendipeko futbol zelaian futbol eskolakoen partidak izango dira. 09:00etan hasiko da 2002an jaiotako mutilen partida. Gero, 09:45ean 2003an jaiotakoek eta 10:30ean 2004an jaiotakoek jokatuko dute. 2001ean, 2002an, 2003an eta 2004an jaiotako neskek, berriz, 10:30ean jokatuko dute.

11:00etan zabalduko dute Atracciones Sanzek jarritako haurrentzako parkea, Olazko Andre Mariaren plazatxoan, eta 14:00ak arte izango da zabalik. Gero, arratsaldean ere irekiko dute, 16:00etatik 19:00etara bitartean. Egun osoko txartela bost euro ordaindu beharko da. Iaz Garmendipeko kirolgunean jarri zuten haurrentzako parkea, eta parkea lekuz aldatzea erabaki du Lagun Onak futbol taldeak: "Iaz goizean ondo funtzionatu zuen parkeak Garmendipen, baina bazkalostean festa giroa kalean izan zen, eta horregatik erabaki dugu herrian jartzea".

Futbol partida ugari izango da goiz partean, eta 11:30ean Azpeitiko Areto Futboleko taldeak Azkoitiko Plaza Berri Sport taldean kontra neurtuko ditu indarrak. Gero, Lagun Onak B eta Lagun Onak C taldeen arteko norgehiagoka izango da Garmendipen bertan. Ordu berean Realeko jokalari batzuk izango dira argazkiak ateratzen eta sinadurak banatzen, baina Lagun Onakekoek ez dute zehaztu zein izango diren bertaratuko diren jokalariak.

Berrikuntza moduan, bertso penalti apustua izango da aurtengo festan. Bertan, bertsolariek, futbol jokalari beteranoek eta Azpeitiko kazetariek hartuko dute parte. Andoni Egaña eta Jokin Uranga izango dira bertsolariak; Atxuiya, Ttantto eta Martxial futbolari beteranoak eta Koldo Aldalur, Iñaki Elorza, Kristina Fernandez eta Estitxu Elduaien kazetariak. Bizpahiru talde egingo dituzte parte hartzaileekin eta bina penalti botako ditu bakoitzak. Lagun Onakekoek azaldu dutenez, "futbolaren inguruko arloak hartu nahi genituen, eta kazetariekin gogoratu ginen. Asko dira Azpeitian kiroletan lan egiten duten kazetariak, eta horiekin akordatu ginen".

12:30ean beteranoen futbol partida izango da, eta Lagun Onak eta Eibar arituko dira nor baino nor. Ostegunetan entrenatzen dute azpeitiar beteranoek, eta urte guztian egindako lanaren erakusle izango da lagunarteko partida. Iñigo Azkue arituko da epaile lanetan, eta ordu erdiko bi zati jokatuko dituzte. 13:00etan, deskantsuan, "bizitza guztian Lagun Onaken lanean aritu diren" Jesus Epelde eta Joxe Mendizabal omenduko dituzte.

Eguerditik aurrera futbol partida gehiago ez da izango, baina musika eta jan-edanik ez da faltako. Horrenbestez, 14:00etan abiatuko dira Garmendipetik Alde Zaharrera Akodas Bozine Gasteizko elektrotxarangarekin. 

Kalejiraren ostean herri bazkaria izango da, Berdura Plazan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Lagun Onakekoek "klubekoa ez den herritarrei ere dei egin die bertaratu daitezen". Bazkalostean izango da futbol taldeko jokalarientzako une garrantzitsuena. Izan ere, orduan banatuko dituzte urte guztian jokalariek egindako lana aitortzeko sariak. Hogeita bi jokalarik mailaz maila 2012-2013 denboraldiko jokalari onenaren eta goleatzaile onenaren sariak jasoko dituzte.

Arratsaldean, 18:00etan, berriz ere musikak hartuko du Alde Zaharra. Akodas Bozine elektrotxaranga kalez-kale ibiliko da-eta. Gauean, 22:30ean, festari bukaera emateko, Azpeitiko Tabenarien Elkarteak antolatuta Skaski eta Dirty Brothersen kontzertuak izango dira, plazan.

Hemen egitaraua osorik:

09:00etan futbol partidak, Garmendipeko zelaian.

10:00etan txupinazoa, Garmendipeko zelaian.

11:00etan haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.

11:30ean futbol partidak Garmendipen.

11:30ean sinadura eta argazkiak Realeko jokalariekin.

12:15ean bertso penalti apustua.

12:30ean beteranoen futbol partida.

13:00etan omenaldia.

14:00etan kalejira Akodas Bozine taldearekin.

15:00etan herri bazkaria.

16:30ean sari-banaketa.

18:00etan kalejira Akodas Bozine taldearekin.

23:00etan Skasti eta Dirty Brothers taldeen kontzertuak.