Mikel Labakak futbolari izateari utzi dio

Uztarria.eus 2013ko eka. 24a, 12:45
Mikel Labaka, Realeko jokalaria zenean.

Azkeneko hilabeteetan aukera hori pentsatzen aritu ondoren, berriki hartu du erabakia, uztarria.com-i baieztatu dionez. Uste du hauxe zuela lagatzeko garaia, eta bukaera "sentsazio onekin" eman diola iritzi dio. 2004tik 2011ra artean Realean aritu zen, eta azken bietan Rayon. Ez du baztertzen gerora futbolarekin lotura izatea baina, oraingoz, etxean egoteko eta bestelako gauzak egiteko gogoa dauka.

Badira hilabete batzuk Mikel Labakak (Azpeitia, 1980) futbolari izateari uzteko burutazioa zeukala eta, azken asteetan –batez ere, Espainiako Liga bukatu zenetik– gehiago baloratu ondoren, hartu du erabakia: laga egin dio futbolista izateari. Uztarria.com-ek haren ingurukoen aldetik izan du albistearen berri, eta Labakari deitu dio hala den baieztatzeko asmoz. Baietz dio hark, uztea erabaki duela, azken orduotan hartu duela deliberoa. "Lagatzeak gehiago motibatzen nau segitzeak baino, eta utzi egin dut".

"Alderdi denak baloratu" ostean hartu du erabakia, Realeko jokalari ohiak esan duenez. "Azkeneko bi denboraldiak Rayon egin ditut, eta atzenekoan ja buruan banuen futbolista izatea lagatzeko ideia. Denboraldia bukatu eta Madrildik etorri nintzenean %99an erabakita neukan, baina hemen, herrian, familiarekin gehiago hitz eginez eta abar, behin betiko erabakia hartu berri dut", adierazi dio Labakak uztarria.com-i gaur goizean.

"Garai onean" jo du bukatutzat futbolista aroa. "Ondo utzi dudala uste dut: abuztuan 33 urte egingo ditudan arren sasoian nago oraindik, beste kirolak egiteko moduan naiz, futbolarekin ez dut bukatu erreta –azkeneko entrenamenduan ere gozatu egin nuen–… Sentsazio onekin eman diot bukaera. Hauxe nuen momentua". 

Urte hauetan guztietan futbolari profesional izateagatik bera ere "pribilegiatua" izan dela aitortzen du, baina asko bidaiatu behar izateak edota aurki beste denboraldiaurre bat hasi behar izateak ere erabakian "pisua" izan dutela dio.

"Etxean asentatzeko gogoa" du. 2011ko udaran Reala utzi behar izan zuen, eta Madrilera joan zen, Rayo Vallecano taldera. Han Boadilla del Monten bizi izan da, hiriburuaren periferian; aurreneko denboraldian alaba batekin eta neska-lagunarekin egon zen, baina 2012ko maiatzean bigarren alaba ekarri zuten eta harrezkero bakarrik egon da. "Urte honetan egin ditut Azpeitira buelta batzuk, bai…".

Mikel Labakak ez du baztertzen aurrerantzean futbolarekin lotura izatea. Entrenatzaile tituluen artetik hirutik bi dauzka. "Baina, ikusiko dugu". Oraingoz, haren arabera, beste zeregin batzuei emango die lehentasuna: alabekin egoteari, ingelesa ikasten sakontzeari, Azpeitian egoteari… Magisteritzako lehen hezkuntza eta kirol magisteritza tituluak aterata dauzka, eta solfeokoa ere badauka.

Adio, beraz, futbolista biziari. Iazko gabonetan –abenduaren 29an– jokatu zuen azkeneko partidua, Anoeta estadioan Euskal Selekzioarekin. Lagunarteko neurketa bat izan zen selekzioaren hura ere; Labakak (ere) maiz aldarrikatu izan du ofizialtasuna.

Mikel Labakaren datuak

  • Jaio: 1980ko abuztuaren 10ean, Azpeitian. 32 urte ditu.
  • Zelaian postua: defentsa; zentral. 
  • Lagun Onak-eko lehen taldean hamasei urterekin debutatu zuen. Azpeitiko taldetik Realera eraman zuten denboraldi hartan.
  • Realean gazteetan eta B taldean aritu ondoren, Irungo Real Unionen (Espainiako Bigarren B Maila) utzita jokatu zuen 2002-2003an.
  • 2003-2004an Murtzia Hirian aritu zen Realak utzita, Bigarren A Mailan. 
  • 2004-2011 artean Realeko lehen taldean jokatu zuen. 2004ko urriaren 24an egin zuen debuta, Anoetan. Emaitza: Realak 2, Mallorcak 1. Aurreneko hiru denboraldietan taldea Lehen Mailan egon zen, hurrengo hiruretan Bigarren A-n eta 2010-2011n atzera Lehen Mailan.
  • 2011ko abuztutik Rayo Vallecanon ibili da, hark fitxatuta; Lehen Mailan. 
  • Espainiako Lehen Mailan 111 partidutan jokatu du (Realarekin 88tan, Rayorekin 23tan). Golak: bost (Realarekin lau, Rayorekin bat).
  • 2001etik aurrera Bigarren A eta B Mailan eta Lehen Mailan Ligan eta Kopan 306 partidutan jokatu du. Golak: hamasei.