Uztarria ere greban izango da M30ean

Uztarria.eus 2013ko mai. 29a, 20:40

Uztarria Komunikazio Taldeko langileek bat egin dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin eta webgune hau geldirik izango da maiatzaren 30ean, osteguna. Herriko enpresa handi askok eta ikastetxe guztiek ere bat egingo dute lanuztearekin, sindikatuek emandako datuen arabera.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CNT eta CGT sindikatuek eta 60 bat gizarte eragilek maiatzaren 30erako greba orokorra deitu dute Hego Euskal Herrian. Azpeitian ere "krisiaren aitzakian" langileen eta herritarren eskubide eta bizi-baldintzak jasaten ari diren murrizketen kontrako grebarekin bat egin dute hainbat talde eta eragilek, eta lantoki asko izango dira M30ean geldituko direnak ere.

Uztarria Komunikazio Taldeko langileek, esaterako, bat egin dute grebarekin eta, horrenbestez, maiatzaren 30ean webgune hau geldirik izango da.

Herriko enpresa handi askok eta ikastetxe guztiek ere bat egingo dute lanuztearekin, sindikatuek emandako datuen arabera. Corrugados Azpeitia eta Lasao, Biele, Glual, Sarralle,Grumal, Kimu Bat, Astigarraga Kit Line eta JJA Producciones enpresetako beharginek greba egingo dute, baita Azpeitiko Udaleko langileek ere. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan ere bat egin dute greba deialdiarekin; ikastetxeetan gutxieneko zerbitzua soilik emango dute.

Lanuzteekin batera, mobilizazioak ere izango dira herrian, asteazken iluntzetik abiatuta. Greba egunean, besteak beste, manifestazioa egingo da Azpeitiko kaleetan 18:00etan.