Bakardadearen kapera ezagutzeko beste bisita gidatu bat, zapatuan

Uztarria.eus 2013ko mai. 2a, 19:58

Ezkutuko altxorrak ekimenaren barruan egingo duten laugarrena da eta 12:00etan izango da, bi euroren truke. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena eta epea bihar, ostirala, bukatuko da.

Soreasuko San Sebastian parrokian dagoen Bakardadearen kapera hobeto ezagutzeko beste aukera bat izango da zapatuan, maiatzaren 4ean. Egun horretan, 12:00etan hasita, bisita gidatua egingo dute bertan, Urola Erdiko, Debagoieneko eta Urola Garaiko turismoa sustatzeko Ezkutuko altxorrak ekimenaren barruan. Martxoaren 9tik Bakardadearen kaperan egingo duten laugarren bisita gidatua da zapatukoa, eta azkenaurrekoa; maiatzaren 25erako iragarrita dago azkena.

Zapatuko bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek bihar, ostirala, 13:00ak baino lehen izena eman behar dute. Lau bide dituzte horretarako: Loiolako turismo bulegora (943151878) edo Iraurgi Lantzenera (943851100) deitzea, info@tierraignaciana.com e-posta helbidera idaztea, edo www.tierraignaciana.com webgunean sartzea. Bisitaren prezioa bi euro dira.