LAB sindikatuak "mutualitateen jarduera okerra" salatu du

Urola Kostako Hitza 2013ko api. 30a, 12:59

Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu direla nabarmendu du LABek.

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen joan den igandean. Egun horren harira, pasa den ostiralean elkarretaratzea egin zuten Urola Kostako LABekoek Azpeitiko Asepeyoren aurrean. LAB sindikatuko eskualdeko ordezkariek, langileen lan baldintzak okertu direlako, prekarietatea eta gaixotasun eta istripu kopurua areagotu direla salatu zuten, "nahiz eta askotan, gaixotasun eta istripuen jatorri laborala ukatu eta osasun sistema publikora desbideratzen diren".
 
Jarduera okerren arduradunak mutualitateak direla salatzeko elkarretaratu ziren LABekoak Asepeyoren aurrean. "Enpresarien elkarte hauek Gizarte Segurantzaren diru publikoaren kudeak eta pribatuan laguntzen dute", kritikatu dute LABekoek. Kostu propioak murrizte aldera, langileak lan egiteko baldintzetan egon gabe lanera itzularazten dituztela esanez.
 
Gainera, mutualitateei eskuduntza berriak emanda, enpresarien elkarte hoiek "langileak are eta gehiago kontrolatzeko ahalmena" izango dutela dio sindikatuak. Eskuduntzen artean aipatu dituzte, besteak beste: alta zuzenean emateko aukera; osasun zerbitzu publikoak dituen historia kliniko osoak eskura izatea; edota, baja baten jatorria arrunta edo lanekoa den erabakitzea.
 
"Egungo ereduak eta honek ezartzen dituen erreformek, eremu publikoa deskapitalizatu nahi dute eta esparru publikoari negozioa eman nahi diote, baita oinarrizko gaietan ere", salatu du LABek.
 
Langileriaren osasuna bermatzeko, "geure prebentzioa eta osasun ereduak erabaki ditzagun, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren eraikuntzan" borrokan segituko duela adierazi dute Urola Kostako LABeko ordezkariek.