Fernando Oregik irabazi du Udaberriko XXXVI. Argazki Rallya

Uztarria.eus 2013ko api. 26a, 19:23

Sari banaketa eta lehiaketara aurkeztutako argazkien proiekzioa bihar, zapatua, egingo ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak, Burdinbidearen Euskal Museoan, 18:00etan.

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako Udaberriko XXXVI. Argazki Rallyaren sari nagusia Sorazulera joango da, Fernando Oregiren eskuetara. Oregik irabazi du aurtengo edizioa, eta Iñaki Etxenagusia azpeitiarra eta Aitor Rementeria elgoibartarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren tokietan, hurrenez hurren. Sailkapen nagusiko hiru sari nagusietako bat azpeitiar bati egokitu zaionez, herriko lehen sailkatuari dagokiona Mikel Zengotitak jasoko du; sailkapen nagusian seigarrena izan da Zengotita.

Bihar, apirilaren 27a, egingo du AAEk 2013ko Udaberriko Argazki Rallyaren sari banaketa ekitaldia. 18:00etan izango da, Burdinbidearen Euskal Museoaren proiekzio gelan. Oregik 150 euroko saria jasoko du han, irabazle gisa; Etxenagusiak bigarren sailkatuari dagozkion 120 euroak eskuratuko ditu, Rementeriak 90, eta Zengotitak garaikurra.

Sari banaketarekin batera, bihar museora joaten direnek joan den apirilaren 4an egin zen rallyan ateratako argazkien proiekzioa ikusteko aukera ere izango dute.

---

Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak