Asier Oiarzabal: "Lasterketa ona egin baduzu, baina zu baino hobeek hartu badute parte, ez dago ezer egiterik"

Uztarria.eus 2013ko api. 26a, 13:21
Oiarzabal Ironman proba batean.

Asier Oiarzabal Disdira-k (Azpeitia, 1973) hamabost bat urte daramatza triatloi eta Ironmanetan parte hartzen. Mundu guztiko hainbat tokitan milaka kilometro egin ditu igerian, lasterka nahiz bizikletan. Duela bi aste Hegoafrikako Ironmanean (3,8 kilometro igerian, 180,2 kilometro bizikletan eta 42,2 kilometro lasterka) izan zen Oiarzabal, eta lasterketa bukatu zuten 1.542 lagunetatik 74.n helmugaratu zen azpeitiarra. Uztarria.com-ek Disdira-rekin hitz egin du.

Zer moduzko esperientzia izan da Hegoafrikako Ironmana?

Oso ona. Hegoafrikara joaten nintzen aurreneko aldia nuen eta nire entrenatzailearekin, Jon Unanuerekin, izan naiz bertan. Oso ondo moldatu gara. Ederki ibili gara.

Hara bueltatzeko asmorik bai?

Ez dut uste. Hainbeste lasterketa daude… Proba desberdinak egitea gustatzen zait. Ahal badut, beste batzuk egingo ditut, millaka daude-eta munduan. Europan pila bat daude, eta Espainian ere bai. Espaniako kasuan, Ironman izenik gabeko lasterketak dira, baina egon badaude.

Adibidez, Lanzarotekoa eginda nago. Datorren urtean bi lagunek egin behar dute, eta igoal berriz joango naiz. Azkenean, lagunak baldin badoaz ni ere animatu egiten naiz, ondo pasatzen dut eta.

Zer aurreikuspen duzu aurtengo denboraldirako?

Beste Ironmanik ez dut egingo, seguraski. Abuztuan oporrak hartuko ditut, eta esan nion entrenatzaileari bera animatzen baldin bada, urte bukaera aldean, Bartzelonako lasterketarako-edo hasiko naizela prestatzen. Abuztua eta gero hasiko naiz entrenatzen, eta lagunen bat animatzen baldin bada egingo dut besteren bat. Azaroan ere izaten dira Ironmanak Mexikon-eta, baina ikusiko dut.

Dena den, hemendik aurrera, proba motzak astero egingo ditut. Bi astean behin behintzat bai, abuztura bitartean. Igerian asko hobetu dut, eta orain lasterketa motzetan lehen baino hobeto moldatzen naiz. Jon Unanue nire entrenatzailea igerilaria da, eta igeri asko egin dut neguan.

Igerian, bizikletan eta korrika egin behar probetan. Nola prestatzen zara?

Astean, normalean, hiru entrenamendu egiten ditut korrika, hiru bizikletan eta beste hiru igerian. Guztira, bederatzi entrenamendu astean. Zazpi egunean egin behar dira horiek, eta zazpi horietatik bat deskantsatu egiten dut. Beraz, egunean bi entrenamentu behintzat egiten ditut. Igeri egiten dudan egunean lasterka ere egiten dut. Hurrengo egunean bizikletan ibiltzen naiz, eta horrela, txandakatuz, aritzen naiz sei egunean.

Abendua bitartean proba motzetan, triatloietan, arituko zarela esan duzu. Zein da Ironmanen eta triatloien arteko aldea?

Distantzia da aldea. Ironmanek jende asko mugitzen dute, eta parte hartzaileak bukatzeko satisfazioa izaten du. Hala ere, proba motzak politago dira. Kontua da, igerian gaizki moldatzen garenok, luzeetan hobeto ibiltzen garela. Motzetan ondo egiten duzu igerian eta aurrean sartzen zara edo… 

Orain, ordea, ez daukat proba luzeetan aritzeko gogorik, eta Zarauzko ironman erdia egiteko ere ez. Motzak egiteko gogoa daukat. Olinpikoak egitekoa, alegia.

Hala eta guztiz ere, proba luzeak gehiago gustatzen zaizkit. Aurtengoz, egin dut Hegoafrikakoa, eta entrenatu beharrekoa entrenatu dut. Orain nahi dudana da gutxi entrenatu eta astero lasterketak egitea. Gainera, lasterketa motzak egiteko ez daukat prestatu beharrik, eta mantentzearekin nahikoa dut. Probak egin eta astea errekuperatzen pasatu nahi dut. Kirola egunero egingo dut, baina ez izugarrizko entrenamentuak. Nazkatu naiz, izugarrizko "tiradak" egiten.

Kontuak kontu, zein da zure proba gustukoena?

Hawaiko Ironmana dut gustukoen. Ez politena delako, kirolariak norbere merituz joaten direlako baizik. Ezin da izena eman eta joan, sailkatu egin behar da, eta horrek berezi egiten du. Munduko onenak joaten dira, eta xarma hori du. Esan bezala ez da politena, politago diren asko egin ditut.

Aurten bi postugatik ez naiz sailkatu Hawaiko probara. Urtero begiratzen nuen sailkapenean, eta 10 ordu eta 10 minuturekin sailkatzen ziren parte hartzaileak. Hegoafrikako proban hamabost minutu hobetu dugu marka hori, baina…

Gure mailan, 40 eta 45 urte bitartekoetan, zortzi sartzen ziren Hawaiko Ironmanera, eta ni hamargarrena izan naiz. Nirekin joan zen hernaniar bat, berriz, bederatzigarren helmugaratu zen. Gure adinean kirolari hobeak joan dira, eta zuk lasterketa ona egin baduzu, baina zu baino hobeek hartu badute parte, ez dago ezer egiterik.

Noiz hasi zinen triatloietan parte hartzen?

1998an egin nuen aurreneko proba. Hasieran neure kabuz prestatzen nintzen, eta 2003an entrenatzaile batekin hasi nituen entrenamenduak. Proba luzeak egiteari 2003an ekin jion, eta orduan hasi nintzen hobetzen.

Neure kasa ez nintzen ondo prestatzen. Bizikletan ondo ibiltzen nintzen, eta korrika ere bai, baina gero triatloietan ez nuen asmatzen. 2003an, entrenatzailearekin prestatzen eta proba luzeak egiten hasi nintzenean, ez nuen gehiago entrenatzen, hobeto baizik.

2003an egin nuen aurreneko Ironmana, Austrian. Gero, 2004an Alemanian izan nintzen, 2005ean Brasilen... Azken horretan lortu nuen Hawaiko Ironmanerako txartela, eta urte hartan bertan egin nuen hura ere. Harrezkero, Frankfurtekoa, Monakokoa, Nizakoa... urtero egin dut bat, behintzat. Guztira hamaika egin ditut, eta hirutan erretiratu naiz; bizikleta puskatu zitzaidalako, tripetatik gaizki nebilelako... Tokatu egiten dira halakoak ere.

Triatloi eta Ironmanena afizio garesti xamarra ez al da?

Afizioa da, bai, eta garestia, zenbaitetan. Garestia da Hegoafrikara joaten bazara, baina hemendik gertu, Tarragonan-eta, izaten dira lasterketak. Eskiatzea ere garestia da, rallyak ere bai.. afizio asko dira garestiak.

Gastatu dezakezu dirua, eta aurten gastatu dut, baina iaz Saloukoa egin nuen, eta bidaia eta inskripzioa soilik ordaindu behar nituen. Gainera halako probetan merkeagoa izaten da izen-ematea.

Erabaki dezakezu urte batean diru gutxi gastatzea, eta molda zaitezke. Denbora, dirua eta aukera baldin baduzu joan zaitezke Hegoafrikara. Azken finean, Hawaira sailkatzeko probak izaten dira garestiak. Normalean proba horiek izaten dira ondoen antolatutakoak eta kirolari aldetik maila handiena halakoetan izaten da. Horiek gustatzen zaizkigu. Izan ere, antolakuntza oso ona izaten da, eta 2.000 bat lagunek hartzen dute parte. Saloukoan, berriz, 300-400 lagun izaten dira.

Denetik probatu dut. Datorren urtean, Jon Unanuek esaten badit Bartzelonara joateko, ba igoal joango naiz. Distantziak horiek diren bitartean… Dena den, ederra da kanpora joatea.