Igor Escudero: "Aurreko lanarekin alderatuta, ez da hain elektronikoa izango"

Uztarria.eus 2013ko api. 26a, 12:10

Urtebeteko atsedenaren ondoren, taula gainera itzuli da Delorean, eta bihar, zapatua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ariko da zuzenean; aurretik, 23:00­etan, Urtzi Azkue & The Funk Junkers taldeak joko du. Deloreaneko kide Igor Escuderok (Zarautz, 1981) grabatu berri duten diskoa eta aurreikusten dituzten bira izan du hizpide Urola Kostako Hitza-rekin.

Zuzenekoetara bueltatu zarete. Berriro ere taula gainera igotzeko gogoz al zeundeten?

Bai, zalantzarik gabe. Aurten ja­da hamar kontzertu eman ditugu; Madrilen, Bartzelonan eta AEBetan. Iazko urte osoan, emanaldi bat salbu, ez genuen zuzenekorik eskaini, eta urte berriarekin batera taula gainera itzuli gara. Udan disko berria argitaratuko dugu, eta abesti berriak probatu nahi ditugu zuzenean.

Disko berria duzue esku artean, beraz. Aurreratzerik izango al zenuke nolako lana izango den?

Aurrekoarekin alderatuta, house erritmo gutxiago izango du, eta ez da hain elektronikoa izango. Betiko musika tresnak berreskuratu ditugu; hau da, gitarrak eta bateriak. Aurrekoa oso elektronikoa zen, eta oraingoan, alde horretatik, lehengora itzuli gara.

Atzera buelta moduko bat izan al da? Zuen estreinako diskora, akaso?

Ez, ez da halakorik. Guk aurrera begiratzen dugu, uneoro. Kontua da benetako instrumentuak erabili ditugula disko berrian, nahiz eta ez zaidan horrela definitzea gustatzen. Azkenaldian sintetizadoreak, teklatuak eta sampler asko erabiltzen ari ginen.

Gauza bera behin eta berriro egiteak aspertu egiten zaituztela adierazi izan duzue hainbat elkarrizketatan. Hori al da aldaketaren arrazoia?

Guretzat ez zuen inolako zentzurik aurrekoaren berdina zen disko bat egitea. Ez zaigu gauzak errepikatzea gustatzen. Gauza berriak probatu zale gara, eta azkenaldian garai bateko musika gehiago entzuten dugunez, iturri horietatik edaten saiatu gara. Gure doinuari beste eragin batzuk ematen, alegia. Disko berrirako 80eko hamardako ekoizpenetan jarri ditugu begiak batez ere, baina gure asmoa ez da 80eko hamarkadako disko bat jorratzea. Gaur egungo diskoa izango da, baina antzematen da nondik datorren, abestiek pop egitura handiagoa baitute.

Udan ikusiko du argia, baina data zehatzik ba al duzue?

Oker ez banago, abuztuaren 26an argitaratuko dugu, Mushroom Pillow diskoetxearekin.

Eta izenburua euskaraz izango duela entzun dut…

Bai, baina oraindik ezin dut horren berri eman (kar-kar).

Nola izan da prozesu guztia?

Diskoa taldekide guztion artean idatzi dugu, eta, gero AEBetara joan gara, Chris Zane ekoizlearekin grabatzera. Otsailean izan ginen New Yorken, Gigantige estudioetan, eta bertan grabatu nahiz ekoiztu genuen elkarlanean. Nahasketak martxoan egin genituen, Internet bidez; guk Bartzelonatik eta berak New Yorketik.

Irakurtzen jarraitzeko egin klik hemen.