Kasik Maketa Lehiaketako finalean

Uztarria.eus 2013ko api. 17a, 15:00

Elkarren zain kantuari esker sailkatu da Kasik, Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketako finalera. Orain, bozka emateko fasea jarri dute abian, eta apirilaren 22an jakinaraziko dituzte bi maketa bozkatuenen izenak.

Gaztea irratiaren XXII. Maketa Lehiaketako hogei finalisten artean aukeratu dute Kasik taldea, Elkarren zain kantuari esker. Lehenengo bozketa fasea bukatu da, eta orain Gaztearen webgunean jarri dute bozka emateko aukera.

Apirilaren 22an B Aldea irratsaioan jakinaraziko dituzte bi maketa bozkatuenen izenak, eta apirilaren 26ko finalean bi talde bozkatuenak eta epaimahaiak hautatutako hiru taldek hartuko dute parte, Bilboko Bilborock aretoan. Emanaldi horietan oinarrituko da epaimahaia aurtengo irabazlea ebazterakoan.

Kasik taldeak joan den urteko Elkartasun kantu lehiaketara aurkeztu zuen Elkarren zain abestia, eta bigarren postuan sailkatu zen Friday's Crew taldearekin batera. 

Bestalde, martxoaren 23an aurkeztu zuen Kasikek bere bigarren diskoa, Nora?, Azkoitiko Matadeixen. Uztarria aldizkariak martxoko zenbakian Kasiken bigarren diskoaren grabaketaren inguruko argazki-erreportajea kaleratu zuen, Klik atalean.