Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko ordezkariak Madrilera deitu dituzte, "langileei kaleratze txostena emateko"

Uztarria.eus 2013ko api. 16a, 15:35
Corrugados Azpeitiako langileak, BBVA aurrean egin duten elkarretaratzean.

Gaur, asteazkena, Madrilera joango dira, han jarri die-eta hitzordua Alfonso Gallardok. ELA eta LABeko ordezkariek azaldu dutenez, "lau enpresari (Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao, tartean) Lan Erregulazio Txostena ezarri behar digu, eta kaleratzeak aurkeztuko dituela esan du".

Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, asteartea, Azpeitiko BBVAren bulegoen aurrean, Olazko Andre Mariaren plazan, "langileen eskubideen defentsan". Enpresa Batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, "BBVA bere zorrak kobratzeagatik, gure lantegia itotzen ari da". 12:00etan hasi zuten kontzentrazioa, eta Enpresa Batzordekoek jakinarazi dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute Alfonso Gallardo Taldeak Azpeitian duen lantegia itxi nahi duelako. 

Gaur, asteazkena, goizean Eusko Legebiltzarrean izango dira Corrugados Azpeitiako langileen ordezkariak, "alderdi guztiei gure egoeraren berri ematen". Gero, arratsaldean, Madrilera joango dira, han jarri die-eta hitzordua Alfonso Gallardok. ELA eta LABeko ordezkariek azaldu dutenez, "pentsatzen dugu langileak kaleratzeko txostena aurkezteko izango dela, lau enpresari (Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao, tartean) Lan Erregulazio Txostena ezarri behar digu-eta". Hara joateko abisua soilik jaso dute Enpresa Batzordekoek, eta "han azalduko digu kontua zertan den", esan dute.

Langileen ordezkariek "erabaki horien guztiz kontra" daudela esan dute: "Erabakien zergatia beti ekonomikoa izan da. Diru falta izan da. Baina, orain Gipuzkoako Foru Aldundiak lan karga lortu du, urteko ekoizpenaren erdia gutxi gorabehera. Gallardori eman zioten lan karga horren berri Lakuan egindako bilera batean, eta ez dakigu zertan gelditu den. Orain, kaleratzeak aurkeztuko dituela esan du, eta horren zain gaude".

Mobilizazioak datozen egunetan

Corrugados Azpeitiako langileek mobilizazioak iragarri dituzte datozen egunetarako. "Borrokan segitu beharra dago, ez dago beste biderik", adierazi dute. Ostiralean, esaterako, auto-karabana egingo dute, 18:00etan hasita. Bi taldetan banatuko dute karabana; batzuk, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio artean egingo dute, eta Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia artean, besteek.

Zapatuarako, berriz, manifestazioa deitu dute Azpeitian, 12:00etan, plazatik abiatuta, "eskualdeko etorkizun industrialaren alde". Bestalde, Urola eskualdeko herrietako udaletan mozio bat sartu dute, "itxieraren kontra ager daitezen".