Errezilgo euskararen bizitasuna, liburuan jasoa

Uztarria.eus 2013ko api. 15a, 20:54
'Errezildarren ateraldiak' liburuaren azala.

Imanol Lazkano, Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Laxaro Azkune dira zapatuan, apirilaren 20an, aurkeztuko den Errezildarren ateraldiak lanaren egileak. Uztarria Komunikazio Taldeak argitaratu du liburua, Errezilgo Udalaren eta Domusa enpresaren babesarekin.

"Liburu honek erakutsi nahi du, herri bat eguneko ordu guztietan euskaraz bizi baldin bada, lanean zein festan, aste eta jai egunetan, erreminta eroso bilakatzen duela hizkuntza hori, etengabe erabiltzen den lan-erreminta bezalaxe, herdoilik gabe eta distiratsu, eta hori da Errezilen kasua". Laxaro Azkuneren hitzak dira. Berak, Imanol Lazkanok eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k idatzi dute Errezildarren ateraldiak, Uztarria Komunikazio Taldearen bidez eta Errezilgo Udalak eta Domusak babestuta egun gutxi barru argia ikusiko duen liburua. Errezilgo udaletxean izango da aurkezpen ekitaldi nagusia zapatuan, apirilaren 20an, 12:00etan.

Izenburuak adierazten duen bezala, liburuaren 174 orrialdeen zatirik nagusiena -125 bat orrialde- errezildarren ateraldiek osatu dute. Liburuaren protagonistak asko badira ere, hauen artean nabarmentzekoak dira Akilino Eizmendi Zepai, loidisaletxetarrak, azpillatarrak, Joxe Mari Lazkano, Galarrasaletxe Bartolo eta loiditarrak. Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi gordetako pasarteak dira gehienak, Errezilgo eta errezildarren euskararen bizitasuna eta adierazkortasuna agerian uzten dutenak. Azkuneren esanetan, izan ere, "adierazkortasuna badu bai euskarak, baina horretarako erabili egin behar da, ez haurrekin eta txakurrekin bakarrik, eta horixe frogatzeko eta euskara bizi horrekin gozarazteko idatzi dugu liburu hau".

Erromatarren eta euskaldunen arteko Ernioko Gudaren gorabeherak eta haren inguruan Xenpelarrek, Otañok eta Txirritak jarritako bertsoak eta Inaxiomari Atxukarro errezildarraren Irriparrezko printzak liburuaren dozena bat pasarte ere jaso dituzte egileek Errezildarren ateraldiak lanean. Azkenik, Errezil inguruak XX. mendean bertsolaritzan izan duen protagonismoa handia izan denez, "Errezil eta bertsoa" irudikatzen duen mapa bat argitaratu da, liburuarekin.