Corrugados Azpeitiakoek manifestazioa deitu dute hilaren 20rako

Uztarria.eus 2013ko api. 10a, 13:51
Corrugados Azpeitiako langileak enpresa atarian. (Nerea Uranga)

Hilaren 20an, zapatuan, izango da manifestazioa Azpeitian, "eskualdeko etorkizun industrialaren alde". Manifestaziorako deia egiteaz gain, "langileen zein eskualdearen etorkizunaren aldeko lana egin dezaten" eskatu diote udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta Alfonso Gallardo Taldeak lantegia ixteko erabakia hartu zuenetik, ez dutela "berri gehiago izan" gaineratu dute.

Corrugados Azpeitiako enpresa batzordeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur, asteazkena, eta han aurreratu dutenez "eskualdeko etorkizun industrialaren alde" manifestazioa egingo dute apirilaren 20an, zapatua, Azpeitian, 12:00etan plazatik abiatuta.

Manifestaziorako deia egiteaz gain, "langileen zein eskualdearen etorkizunaren aldeko lana egin dezaten" eskatu diote udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari: "hemen etorkizuna egon daiteke Gallardo Taldearen barruan ala kanpoan, eta hori bermatzeko, instituzioek jokatu beharreko papera dute: bai Gallardori enpresa zabalik mantentzea, bai eskainitako 300.000 tonako produkzioa ekartzea eta bai Foru Aldundiak egindako gestioei esker 150.000 tona ekoizteko lortutako aukera gauzatzea exijituz".

"Etorkizuna jokoan dugu", azaldu dute enpresa batzordeko ordezkariek: "Itxieraren erabakiari eta egoerari buelta emateko denok, langileok, herritarrek eta erakundeek, elkartu egin behar dugu. Hori dela-eta, Urola eskualdeko herrietako udaletan mozio bat sartu dugu itxieraren kontra ager daitezen".

Berririk ez

Alfonso Gallardo Taldeak lantegia ixteko erabakia hartu zuenetik, ez dutela "berri gehiago izan" gaineratu dute: "Egun, oraindik, ez digute espedientearen komunikazioa egin eta ez dakigu noiz egingo duten, baina gu ez gara komunikazio horren zain geldituko, eta lanpostuak defendatzen jarraituko dugu".

"Urola eskualdean erreferentzia handiko enpresa da Corrugados Azpeitia, eta lantegiaren itxierak ehundaka familiari eragingo die. Horregatik, ezin dugu onartu Gallardok hain traumatikoa den erabakia hartzeko Extremadurako lantegiari begiratuta egitea errentagarritasunaren inguruko balorazioa", esan dute.