Igandean izango da XXXVI. Udaberriko Argazki Rallya

Uztarria.eus 2013ko api. 4a, 14:06

Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan egin beharko da 09:00etatik 09:30era eta rallya 14:00etan bukatuko da. Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte. Sari banaketa ekitaldia eta argazkien emanaldia apirilaren 27an izango da, Trenaren Museoan, 18:00etan hasita.

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta, Udaberriko Argazki Rallyaren XXXVI. edizioa izango da igandean, hilaren 7an. Ohikoa den gisan, rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan ezagutaraziko dituzte antolatzaileek.

Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork dauka rallyan parte hartzeko aukera. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan (Perez Arregi, 1, Telefonicaren egoitza zaharrean) egin beharko da 09:00etatik 09:30era eta rallya 14:00etan bukatuko da. 16 urtetik gorakoek zortzi euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan; adin horretatik beherakoek, berriz, doan eman ahalko dute izena. Apuntatzen diren guztientzako hamaiketakoa izango da, eta hala nahi dutenek, rallya amaitu ondoren egingo den bazkarirako ere izena eman ahal izango dute, egunean bertan.

Lehiakide bakoitzak, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du. Bertan aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan. 14:00etan, AAEren egoitzan bertan deskargatuko dituzte memoria-txartel guztiak. Txarteletan gehienez 36 irudi eduki beharko dira eta horiek korrelatiboak izan beharko dute; hau da, argazkilariek ezingo dute irudirik ezabatu.

Sari banaketa, apirilaren 27an

Lehiaketara aurkezteko, parte-hartzaile bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta apirilaren 14a baino lehen posta elektronikoz azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com helbidera bidali beharko ditu, parte-hartzailearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.

Sari banaketa ekitaldia, eta rallyra aurkeztutako argazkien emanaldia, Trenaren Museoan egingo dituzte apirilaren 27an, 18:00etan hasita. Argazki elkartekoek guztira 420 euro banatuko dituzte diru-saritan. Sari nagusien artean, irabazleak 150 poltsikoratuko ditu, bigarrenak 120 euro, eta 90 euro hirugarrenak.

Herriz herrirako puntuagarria

Udaberriko Argazki Rallyan parte hartzen duten guztiek Herriz herri rallyen ligarako puntuak lortuko dituzte. Hemen Herriz herri lehiaketaren informazioa eta oinarriak.

---

Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak