Mobilizazioak iragarri dituzte Corrugadoseko LABek eta ELAk

Uztarria.eus 2013ko mar. 27a, 19:11

"Guk enpresaren etorkizunaren alde jokatuko dugula, enpresa honek biabilitatea daukala sinisten dugulako", diote. Gaur, asteazkena, batzarra egin dute langileek, atzo Gasteizen izandako bileraren biharamonean.

Corrugados Azpeitiako langileak mobilizazioetara itzuliko dira "hurrengo egunetan". Horrela iragarri dute lantegiko LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek, elkarrekin plazaratu duten agiri batean. "Guk enpresaren etorkizunaren alde jokatuko dugula, enpresa honek biabilitatea daukala sinisten dugulako", diote oharrean.

Agiria gaur, asteazkena, zabaldu dute, langileek egin duten batzarraren ondoren. Batzarrean, atzo Gasteizen egindako bileraren berri eman dute; Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin zuten bilera Corrugadoseko Enpresa Batzordeko ordezkariek eta Gallardo Taldekoek, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren bitartekaritzarekin.

Corrugados itxi egingo duela esan zien joan den astean Gallardo Taldeak langileen ordezkariei. Harrezkero, bai langileak eta bai erakundeak, erabaki horren kontra agertu dira. Gasteizko bileran ere, "Gallardori enpresa zabalik mantentzea eskatu ziotela" adierazi zieten Corrugadoseko langileei Jaurlaritzako Industria sailetik, Diputaziotik eta Udaletik. "Denon artean Gallardok hartutako erabakia atzera bota dezala lortu behar dugu, gure industria eta gure seme-alaben etorkizuna bermatzeko"; horrela mintzo dira Corrugados Azpeitiako LAB eta ELA.