Corrugados Azpeitiako langileek batzarra egingo dute asteazkenean

Uztarria.eus 2013ko mar. 26a, 17:39

Gaur, asteartea, Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren egoitzan Gallardo Taldeko ordezkariekin izan duten bileraren berri emango dute han Enpresa Batzordeko kideek.

Iragarrita zegoen bezala, Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko ordezkariak eta Gallardo Taldekoak Gasteizen batzartu dira gaur, asteartea, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan; enpresa jabeek Azpeitiko lantegia ixteko asmoa azaldu ondoren zuzendaritzak eta langileen ordezkariek egin duten aurreneko bilera izan da gaurkoa.

Ordu eta erdiko bilera izan da bi aldeek Jaurlaritzan egin dutena. Han hitz egindakoaz ez dute ezer aurreratu nahi izan langileen ordezkariek. Izan ere bihar, asteazkena, Corrugados Azpeitiako langile guztiak batzarrera deituta daude; han azalduko dute aurrena Enpresa Batzordekoek Gasteizko bilerak zer eman duen.