Aimar Irigoien aurrena, Etxauriko Harrian

Uztarria.eus 2013ko mar. 26a, 13:46

Errezildarrak 17 jasoaldi egin zituen heldulekurik gabeko 135,5 kiloko harri traketsarekin, bost minutuko txanda bakarrean. Marka horri esker, txapelketako ordura arteko errekorra (Izeta II.nak zuen, 15 jasoaldirekin) hautsi du.

Aimar Irigoien errezildar harri-jasotzaileak irabazi zuen joan den igandean X. Etxauriko Harria Jasoaldia txapelketa. Etxaurin (Nafarroa) jokatu zen txapelketa, eta Irigoienek jantzi zuen txapela. Marka guztiak hobetu zituen errezildarrak, bost minutuko txandan, 17 jasoaldi egin zizkion-eta heldulekurik gabeko 136,5 kiloko harri traketsari.

Igandera arte, txapelketako markarik onena Izeta II.ak zuen, 15 jasoaldirekin, eta Irigoienek duela bi urte eginikoa, 14 jasoaldi, zen atzora arte errezildarraren markarik onena.

Honakoa izan zen sailkapena:

1.- Aimar Irigoien (Errezil, Gipuzkoa): 17 jasoaldi

2.- Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.a (Aia, Gipuzkoa): 14 jasoaldi

3.- Joseba Ostoloza (Zestoa, Gipuzkoa): 11 jasoaldi

4.- Josetxo Urrutia (Leitza, Nafarroa): 9 jasoaldi

5.- Unai Bertiz (Sunbilla, Nafarroa): 6 jasoaldi