Lurrun trena martxan izango da ostegunetik aurrera

Uztarria.eus 2013ko mar. 26a, 11:57

Aste Santuan eta oporren ostean, zapatuetan, igandeetan eta jai egunetan izango da lurrun trena martxan. Museoan bisita gidatuak ere egin ahal izango dira.

Trenaren Euskal Museoa Fundazioak lurrun trena martxan jarriko du ostegunetik, hilaren 28tik, aurrera. Aste Santuan (hilaren 29an, 30ean eta 31n, zein apirilaren 1ean) egunero bi irteera egingo ditu lurrun trenak; 12:30ean eta 18:00etan. Behin Aste Santuak pasatutakoan, zapatuetan 12:30ean eta 18:00etan, eta igandeetan nahiz jai egunetan 12:30ean eskainiko dute trenaren zerbitzua.

Trenaren Museoan bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da. Bisita horiek bost euro balio dute, eta lurrun treneko bidaiarekin 9 euro ordaindu beharko da. Izena museoko harreran eman behar da, eta goizeko bisita euskaraz eta arratsaldekoa gazteleraz izango da. Hala nahi duenak, gidarik gabe ere bisitatu ahal izango du museoa.