Jendaurrean aurkeztu dute Azpeitiko Sortu

Uztarria.eus 2013ko mar. 25a, 12:41
Sortuko Azpeitiko kideak oholtzan.

Ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldia, Sanagustin kulturgunean eta alderdiaren helburuez-eta jardun zuten, berrehundik gora lagunen aurrean.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten jendaurrean Azpeitiko Sortu, "iraganaren eta etorkizunaren uztarri izateko" sortu den alderdia. Berrehundik gora lagun izan ziren Sanagustin kulturgunean, eta Sorturen nondik norakoak azaltzeaz gain, musikak eta olerkiek ere izan zuten tartea ekitaldian. Bukaeran, Azpeitiko Sortuko kideak oholtzara igo ziren.

Ekitaldian azaldu zutenez, "gatazka politikoa konpontzea eta herria elkarlanean eraikitzea" dira Sorturen helburu nagusiak, eta "independentzia eta sozialismoa ereitea" ere bai. "Krisian dagoena sistema" dela eta "helburua justizia soziala" dutela gaineratu zuten. Herri antolatu eta bizia ere aldarrikatu zuten Sortuko kideek: "Herritarrak protagonista diren herria egin nahi dugu, eta hori posible da". 

Eskerrak eman zizkioten Azpeitiko Sorturen eratze prozesuan parte hartutako herritar guztiei, eta Pasaiako segadan tiroz hil zituzten Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak gogoan izan zituzten ekitaldian. Baita, Azpeitiko preso eta iheslariak ere. Corrugados Azpeitiako langileak ere gogora ekarri zituzten, Alfonso Gallardo Taldeak Azpeitiko lantegia ixteko hartutako erabakia dela-eta.