Hiru puntu, bi anai, partida bat

Uztarria.eus 2013ko mar. 15a, 13:28
Mikel eta Jon Orbegozo Ezkerraldeko derbi batean.

Ezkerraldeko derbia jokatuko da igandean, hilak 17, 17:00etan hasita, Barakaldo eta Sestao River taldeen artean, eta aurrez aurre izango dira Jon eta Mikel Orbegozo anaiak. Bi anaientzat da garrantzitsua igandeko partida, izan ere, Jonen taldeak, Barakaldok, hiru puntuak behar ditu play off-etara sailkatzeko borrokarekin jarraitzeko, eta Sestaok, Mikelen taldeak, beheko postuetatik ihes egiteko.

Ezkerraldeko derbia jokatuko da igandean, hilak 17, Barakaldo eta Sestao River taldeen artean, eta aurrez aurre izango dira Jon eta Mikel Orbegozo anaiak, enegarrenez. Jonek 28 urte ditu, eta 23 Mikelek. Biak aurrelariak dira, eta 13 eta 3 gol sartu dituzte denboraldi honetan, hurrenez hurren. Sailkapenaren bi muturren inguruan dabiltza Barakaldo eta Sestao. 

Bi anaientzat da garrantzitsua igandeko partida, izan ere, Jonen taldeak, Barakaldok, hiru puntuak behar ditu play off-etara sailkatzeko borrokarekin jarraitzeko, eta Sestaok, Mikelen taldeak, beheko postuetatik ihes egiteko. Hala dio Jonek: "Helburuak bete ahal izateko irabazi beharreko partida da. Gainera, Ezkerraldeko derbia, Azpeitiak eta Azkoitiak elkarren kontra jokatzea bezalakoa da. Jende asko joaten da partida ikustera, eta jokatzea gustatzen den partida horietakoa da". Mikelen aburuz, "hil ala biziko partida da" Sestaorentzat: "Play off-ak egindako lanaren saria dira, eta gure egoera larria da, ez da-eta berdina Bigarren B mailan edo Hirugarren mailan egotea".

Ligako partida bat da igandekoa, baina bi anaiak zelai beraren bueltan elkartuko dituen partida, era berean. Ez Joni eta ez Mikeli ez die grazia handirik egiten anaia arerio izateak. "Ez da batere atsegina anaiaren kontra jokatzea, zelai barruan pertsona aldatu egiten da, eta ni halakoa naiz. Oso lehiakorra naiz, eta helburuak betetzeko ia edozer egiteko gai naiz. Zenbait jokaldi edo egoera ez dira batere erosoak izaten anaia tartean dagoenean", dio Jonek. Mikelek ere antzerako sentipenak ditu: "Lehenengo aldiz jokatu nuenean banuen gogoa, baino orain... Behin baino gehiagotan jokatu dugu, eta ez zait gustatzen anaiaren kontra jokatzea. Bera ikusten gradetan nagoenean ere asko sufritzen dut anaiarekin, eta zelai barruan zer esanik ez".

Egunero hitz egiten dute Orbegozo anaiek elkarrekin. Mikel Bilbon bizi da, eta telefonoz egunero deitzen dio anaiari. Aste honetan baina, ezin zenbait gauza kontatu elkarri. Hala esan du Mikelek: "Besteetan partidaren inguruan dena kontatzen dio Joni, baina aste honetan gauzak ezkutatu egin behar. Dena den, gainontzean, antzera joan da astea".