Hondakinen Prebentzio Plana osatzeko parte-hartze saioa egingo dute

Uztarria.eus 2013ko mar. 13a, 13:10

Sindikatu Zaharrean izango da 18:00etan hasita. Plana osatzeko parte-hartze prozesuaren baitan egingo dute gaurko saioa eta, besteak beste, plan proposamenaren aspektu nagusien aurkezpena eta taldekako eztabaida egingo dituzte.

Gaur, asteazkena, Urola Erdiko Mankomunitateko Hondakinen Prebentzio Plana sortzeko parte-hartze saioa izango da 18:00etatik aurrera, Sindikatu Zaharrean. Besteak beste, plan proposamenaren aspektu nagusien aurkezpena, taldekako eztabaida eta bateratze-lanak eta ondorioak jorratuko dituzte. Antolatzaileen arabera, bi ordu inguruko saioa izango da.

Plan horrek "2013-2020 urte bitartean hondakinen prebentzioari dagokionez aurrera eraman beharreko ekintzak zehaztuko ditu, eta plan honen asmoa da prebentzio estrategia desberdinak garatzea eta hiri-hondakinen murrizketa arloan epe motz eta ertainean aurrera eraman beharreko ekintzak zehaztea".

Orain arte diagnostikoan eta ildo orokorretan jardun du lanean Urola Erdiko Mankomunitateak, eta  orain partaidetza prozesua jarriko dute abian. Urola Erdiko Mankomunitatearen arabera, "saioan ateratako proposamenak oso baliotsuak izango dira Hondakinen Prebentzio Plana datozen urteetan hondakinak murritzen jarraitzeko tresna estrategikoa izan dadin".