Mendi biatloia izango da zapatuan, Loiolan

Uztarria.eus 2013ko mar. 12a, 12:17
Iazko biatloiaren hasiera.

Ostiralean hasiko dira Loiolako San Jose jaiak, mus txapelketarekin, eta zapatuan eta igandean ez da festa girorik faltako. Mendi biatloia zapatu arratsaldean izango da, eta izena eman daiteke dagoeneko.

Asteburuan Azpeitiko Loiola auzoan San Jose jaiak ospatuko dituzte. Ostiralean hasiko dira, II. San Jose Mus Txapelketarekin. Xanadun izango da txapelketa, 22:00etan hasita. Zapatuan, martxoak 16, XII. Mendi Biatloia San Jose Sari Nagusia izango da, Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeak antolatuta. 16:30ean hasiko da proba, Loiolako santutegiaren ondoan.

Parte-hartzaileek 10 kilometro mendi bizikletaz eta 4 kilometro lasterka egin beharko dituzte. Izena eman daiteke dagoeneko, 10 euro ordainduta, loiolakojaiak.com webgunean, eta egunean bertan ere inskribatu ahal izango da Loiolan, 15:00etatik aurrera. Egunean bertan, ordea, 14 euro ordaindu beharko dira. Proba bukatutakoan parte-hartzaile guztientzat merienda eta kamisetak izango dira Loiolatxo Elkartean.

Mendi bizikletaz Loiola inguruetan osatuko duten bost kilometroko ibilbideari bi itzuli eman beharko dizkiote parte hartzaileek. Antolatzaileen arabera, "ibilbidea polita da eta ibilbidearen %30 bakarrik egiten da errepidez". Bizikletakoa bukatu ondoren, korrika lau kilometro egin beharko dituzte.Proba bukatutakoan bizikletak garbitzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek, horretarako gune bat prestatuko dute-eta. Dutxa hartu nahi duenak ere horretarako aukera izango du igerilekuan.

Igandean, martxoaren 17an, zezen txiki eta poniak izango dira Loiolan, 11:30ean hasita. Gero, 13:00etan, asto lasterketak izango dira, eta herri kirolen txanda izango da arratsaldean. Egurrola aita-semeak arituko dira auzoa musikaz girotzen, egun osoan.

Loiolako San Jose jaietako egitaraua:

Martxoak 15, ostirala: 22:00etan, II. San Jose Mus Txapelketa, Xanadun.

Martxoak 16, larunbata: 16:30ean, XII. Biatloia, San Jose Sari Nagusia.

Martxoak 17, igandea: Egun osoan, Egurrola aita-semeak trikiti giroz alaituko dute Loiola.

  • - 11:30ean, zezen txikiak eta poniak.
  • - 13:00etan, asto lasterketa.
  • - 17:30ean, herri kirolak. Harri jasotzen Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien. Aizkoran, Aitzol Atutxa eta Floren Nazabal.

Martxoak 23, larunbata: 21:00etan, auzo-afaria, Elustondo anai-arrebak trikitilariek alaituta.